Lan istripuan hil zen uztailaren 10ean, sanferminetan garbiketa lanetan ari zen langile bat. Zabor kamioiarekin bilketa egiten ari zela altueratik erori eta ezbeharra izan zuen. Zenbait egun ospitalean eman ondoren zendu da langilea. Iruñerriko mankomunitateak azpikontratatzen duen FCC enpresarentzako lan egiten zuen eta enpresak irmoki salatu du lankidea hil dela “errez saihestu zitekeen lan-istripu baten ondorioz”.
Segurtasun neurri egokiak eta prebentzio-protokolo eraginkorrak zein eguneratuak galdegin ditu ATSU eta LABek osatutako enpresa batzordeak. Izan ere, Oskar Aguas langileak salatu bezala, formakuntza eta prebentzioa ez da mankomunitatearen lehentasuna izan.
AItortu du protokoloa jarraitu ezean, langileen ardura ere izan daitekeela, baina "badira bi urte Mankomunitateak formakuntzarik ematen ez duela". "Gauza nahiko pilatu dira eta egoera larri honetara iritsi gara", gaineratu du Aguasek.
Elkartasuna eta babesa helarazi diote langileari eta senideei istripua izan zenetik egindako elkarretaratzeetan. Eta, halaxe egin dute gaur ere, enpresari exijitzeko prebentzio-araudia betetzea berriro gerta ez dadin. Halaber, bestelako lan baldintzak ere zaindu ditzaten aldarrikatu dute: etengabeko kamioien eta makinen aldaketa, lan txandetako langileen urritasuna eta lan zama. Horrek eragozten baitu zenbaitetan segurtasun protokoloak behar bezala ezin aurrera eramatea.
Gaueko txanda egiten ari zen hildako langilea. Zabor edukiontzien hustuketan ziharduen eta kamioiaren kabinaren gainera igo behar izan zuen hustuketa egiteko edukiontzia trabatuta gelditu zelako. LABen salaketaren arabera, gaueko txanda izanik, ez zegoen nahikoa langile eta prozedura ez zen abian ipini. Hartara, "gertaeren larritasuna aitortzea eta lan-istripuaren erantzukizunak argitzeko ikerketa zintzoa" egiteko eskatu du sindikatuak.
LABek gogorazi duenez, Nafarroan aurten lan-istripuaren ondorioz gertatzen den 8. heriotza da, eta Euskal Herrian gutxienez 33 izan dira lan istripuetan hildako beharginak.