Milaka pertsonak erantzun irmoa eman diete eraso matxistei

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko uzt. 8a, 09:55

Bart ilunabarrean, GAzteluko Plazan egindako elkarretaratzen jendetsua (Argazkia: Ahotsa)

Mugimendu feministak antolaturik, eraso sexualen aurkako elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo, 21:30ean, Iruñeko Gazteluko plazan.

“Gogorra da lehen egunean jada halakoak izatea. Emakumeok beste behin ere ikusten dugu ez digutela utzi nahi askatasunez jaiez disfrutatzen”, salatu du Mugimendu Feministako eledun Iratxe Alvarezek.

2024ko sanferminen hasieran, intentsitate handiko eraso sexual bat izan da eta intentsitate baxuko beste hainbat. Foruzaingoak bost gizonezko atxilotu zituen uztailaren seian, ukituengatik.

Puntu morea Gazteluko plazan

Erasoen aitzinean erantzutearen garrantzia nabarmendu zuen Alvarezek, baita emakumeei behar bezalako informazioa ematearena ere: “Udalarekin erasoen aurkako protokoloa lantzen hasi ginenean, gure eskaera nagusia informazio puntu morea jartzea izan zen; izan ere, erasoak pairatzen ditugunean, emakumeok ez dakigu nora jo behar dugun ere. Eta puntu more horrek baliabideak ematen dizkigu, eta bideratzen gaitu, salaketa egin nahi badugu edo beste edozein behar badugu”.

Puntu morea Gazteluko plazan dago eta uztailaren 14ra arte izanen da zabalik, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik gauerdira arte.

Udalaren “erabateko gaitzespena”

Bestalde, Iruñeko Udaleko eledunen batzarrak erasoen aurkako adierazpena onartu zuen atzo, aho batez. Horretan, “erabateko gaitzespena eta arbuioa” adierazten dute emakume batek uztailaren zazpian pairaturiko eraso sexualaren aitzinean. “Udalak, erakunde publiko eta hiritargo aktibo moduan, jarrera konprometitua hartzen du eta bide horretan lan egiten segitzeko konpromiso irmoa bere egiten du”.

Aldi berean, “erabateko sustengua eta elkartasuna adierazten diogu emakumeari eta haren inguruari, eta erabateko errespetua haren intimitatea eta eskubideak urratuak izan ez daitezen”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!