Uztailaren 14ko zezenketa amaituta, Iruñeko peñen txarangak plazaren erdian bildu eta sanferminetako agurra ospatzen hasi ziren, peñakide guztiak harmailetan zirelarik. Federaziotik at dabilen Mutilzarra peñako kideek ordea, ekitaldian parte hartu ez eta beren pankarta zabaldu zuten harmailei begira. Tentsioa izan zen orduan eta Mutilzarrako kide baitek irainak eta kolpeak salatu zituen. Gertakarietan, Sanduzelai Peñako atorra zeraman gizonezko bat ikusi zuen salatzaileak. Espainiako Poliziak, bazkide guztien izen abizen, NAN zenbaki eta telefonoak eskatu zizkion sanduzelaiko zuzendaritzari, ustezko erasotzailea identifikatzeko. Pertsona honek ordea, bere kabuz aurkeztu zuen bere burua biktimaren aurrean, barkamen eske…identifikatuta zegoen beraz. Hala eta guztiz ere, espainiako polizia sanuzelai peñako bazkide guztien datuak eskatzen jarraitu zuen. Alazne Juarez, peñako presidentea da: "Jakin nahi duguna da zergatik eta zertarako nahi zituzten gure datu horiek, non daude orain. Pertsona identifikatuta bazegoen, zergatik jarraitzen zuten bazkide guztien datuak eskatzen? Ez soilik eskatzen, presionatzen, mehatxatzen...zergatik guzti hau?"
Hilabete zailak izan dira Sanduzelai peñako zuzendaritzarako, "Egon ginen bi hilabetez egunero honekin bueltan, polizia peñan bertaratu zen hainbatetan, deiak, mezuak...bi hilabete oso oso txarrak". Sanduzelai peñak azalpenak eskatuko dizkio gobernu ordezkariari Espainiako poliziaren jokabide honengatik. Peñen federazioak ere salatu du, prozesuan gorroto delitua leporatzeko espainiako poliziak egin zuen peñei buruzko txosten politikoa.