Iruñeko Alde Zaharrean eraikin bat erosi dute Katakrakek eta Koop57k “proiektu eraldatzaileak sustatzeko”

Euskalerria Irratia 2024ko eka. 19a, 18:24

Gaurko aurkezpen ekitaldia. (Argazkia: Ahotsa.info)

Kale Nagusiko 54 zenbakiko eraikinak 1.080 m2 ditu. Erosketaren bitartez hiri lurzorua liberatu nahi dute, Iruñeak “pairatzen duen higiezinen kapitalaren eta turismoaren presioari aurre egiteko”.

Katakrakek eta Coop57k hilabeteak eman dituzte lanean, Iruñeko Kale Nagusiko 54 zenbakiko eraikina erosteko moduaren bila. Eraikina XVIII. mendean egin zuten, eta azken hamarkadotan Huarte Soltxaga familiarena izan da. “Luxuzko etxebizitza edo pisu turistiko bihurtu ordez, erakina ehun soziala eta auzoa indartzeko erabiliko dugu”, iragarri dute.

Erositako eraikina Katakrak liburuaren ondoan dago, eta liburu-dendaren eraikina ere bere garaian Huarte Soltxaga familiak saldu zien. Katakrakek 2013an zabaldu zituen ateak, eta ordutik Iruñean funtsik handiena duen liburu-denda bihurtzea lortu du, 22.000 libururekin. Horretaz gain, kantina-jatetxea dauka, baita erabilera askotariko aretoa ere. Hilean, batez beste, 30 ekitaldi antolatzen dituzten horretan. Argitaletxea ere badute, eta dagoeneko ehundik gora liburu plazaratu dituzte.

Zerbitzu finantzario etiko eta solidarioak

Coop57 kooperatibak 1995etik zerbitzu finantzario etiko eta solidarioak ematen ditu. Haren helburua ekonomia soziala eraldatzea da, ongizate soziala sustatzen duten proiektuak bultzatuz. Horretarako, mailegua eraldaketa tresna positibo bihurtzen dute, irabazi ekonomikoak bilatu ordez.

201ean, Coop57k Euskal Herrian adar bat sortu zuen, Koop57, eta dagoeneko hainbat proiektu sozial eta eraldatzaile  lagundu dituzte. Egun, Koop57k baditu 328 bazkide, erakundeen eta gizabanakoen artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!