Sorgin-ehizari buruzko III. topaketa feminista antolatu du Katakrakek

Bidane Beloki Ezker 2024ko mai. 29a, 11:08

Silvia Federici Iruñeko Katakraken. (Argazkia: Katakrak)

Erdi Aroan sorgin-ehizak Iruñean utzitako arrastoak bisitatuko dituzte eta emakumeen aurkako bortizkeria izango dute ardatz. Topaketa larunbatean goizeko 10:00etan abiatuko da Katakraken. Hizlarien artean Silvia Federici eta Yolanda Pividal izanen dira. Ezinbestekoa da izena ematea jardueretan parte hartzeko.

Sorgin-ehizari buruzko III. topaketa feminista antolatu du Katakrakek. Memoria, errepresioa eta emakumeen aurkako bortizkeria izango dituzte hizpide larunbatean, ekainaren 1ean. Aurretik ere bestelako jarduerak antolatu dituzte, Silvia Federici eta Raquel Gutierrez pentsalari feministak ostiralean izango dira Katakraken feminismoa eta gerra erregimena hizpide; Palestinako genozidiotik komunitateak eraikitzera.

Silvia Federici italiarra filosofoa, historialaria, idazlea, irakaslea eta aktibista feminista eta marxista da. Emakumeek doan egiten duten ugalketa eta zaintza-lana aztertu ditu kapitalismoa sostengatzen duten oinarriak direlakoan. Raquel Gutierrez mexikarra matematikaria, filosofoa, soziologoa eta aktibista da eta Bolibiako aktibismo politikoan murgilduta egon da. Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan asteburu feministari emango diote hasiera.

Larunbatean, berriz, Erdi Aroan Iruñean izandako sorginen ehizak ardaztuko du topaketa. Sutara sorginkeriaz akusatutako emakumeen oroimenean lan egiten duen taldearekin elkarlanean antolatutako jarduera da. 2019an Katakraken egindako lehen topaketaren ondoren sortu zuten lankidetza eta aurten hirugarren edizioari ekin diote. Hauxe izango da egitaraua:

  • 10:00 Harrera
  • 10:30 Topaketaren aurkezpena
  • 10:45 Mahai-ingurua
  • 12:00 'Iruñeko hirian, oinaze-gelan...' sorgin ehizaren inguruko bisita gidatua, Leire San Martin Marcosekin
  • 14:30 Bazkaria
  • 17:00 A witch story proiekzioa
  • 18:30 Solasaldia Silvia Federici eta Yolanda Pividalekin

Sorgin-ehizari buruzko topaketetan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, hogei euroko prezioan; bazkarian apuntatzeko hamabost euro dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!