Auzolanera dei egin dute Iruñeko festa eragileek

Haritz Pascual Garjon 2024ko mai. 21a, 10:02

Auzoz auzoko jai batzorde, talde kultural, konpartsa eta eragileetan parte hartzera dei egin dute Iruñeko festagileek. “Jaiak ez dira ezer ezetik sortzen edo antolatzen. Jai herrikoiak aurrera ateratzeko, lan handia dago atzetik, eta ezinezkoa litzateke kolektiboan egiten ez badugu” adierazi dute.

Sanduzelaik zabaldu zuen egutegia, atzetik etorri zen Txantrea eta pasa den asteburuan Iturramak hartu zuen auzoen festen egutegiaren lekukoa. Bertako festak probestuz, Iruñea osoko jai batzorde, erraldoi konpartsa eta kultur eragileak bildu ziren auzolanaren aldeko aldarria egiteko. “Guk kolektiboaren aldeko lana egin nahi dugu, gure bizilagun eta gure auzo eta herrietan lan eta bizi diren jendearen aldekoa. Horrexegatik, gaur hemen bildu garen Jai Batzorde, Kultur Elkarte, Peña, Txozna Batzorde eta konpartsak Auzolanarekiko konpromisoan jarraituko dugu lanean” adierazi zuen Iturramako Atariandia elkarteko Alex Martinez de Agirrek, “Gure auzo eta herrietan komunitatea batu eta eraikitzen jarraitzeko, auzo eta herriei bizia ematen dieten egitasmoak aurrera eramaten jarraitu ahal izateko, guztiontzat topaleku diren espazioak sortzen jarraitzeko. Herriak eta auzoak, guk egiten ditugulako, herritar eta bizilagunok”.

Auzolanaren bitartez aurrera ateratakoak ez dira soilik festetara mugatzen. “Auzolanaz baratzeak, elikadura sareak, kontsumitzaile taldeak, energia kooperatibak, elkarte gastronomikoak, ibai garbiketak, gure herrietan behar diren konponketak, erakustaldiak, kontzertuak, kalejirak... antolatu ditugu, auzolanaz atera genituen pandemiako zaintza sareak aurrera, auzolanaz antolatzen ditugu Inauteriak, jaiak, Olentzeroak, kultur asteak, auzoen egunak, erraldoien topaketak eta beste ehun ekimen, auzolanaz eraiki ditugu elkarteak, txoznak eta bazkariak; auzolanaz eraikiko ditugu elkar zaintzeko eta elkar laguntzeko espazioak eta auzolanaz jarraitu nahi dugu gure auzo eta herriei bizia ematen” azaldu zuen Martinez de Agirrek, “Balorean jarri nahi dugu ere, auzolanari esker bizitako eta ikasitako esperientzia guztiak: zenbat barra txanda lagun artean, paellerak garbitzerakoan olioa bota behar zela ikasi genuenekoa edota herriko beste kuadrilla batzuk herri bazkariaren antolaketan ezagutu genituenekoa. Lan handia izaten da urtero gure auzo eta herrietan egiten duguna, bilera eta antolaketa handia eskatzen duena. Orduak pasatzen ditugu kolektiboaren alde lanean, baina urtero dakigu lan horrek guztiak merezi duela. Elkarrekin egiten dugunak ez du preziorik, eta denen artean egiten denak beti du bere saria, denon alde lan egitearen poza”.

Iruñeko auzo guztietako auzolagunei deia eginez amaitu zen agerraldia: “Hemendik mundu guztia animatu nahi dugu antolatzen ari garen jai herrikoi, parte hartzaile, feminista euskaldun eta ekologistetan parte hartzera! Udaberriarekin batera, jarrai dezagun gure kale, plaza, auzo eta herriak biziberritzen!”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!