Amaia Apalauza Ollo 2024ko (H)ilbeltza bekaren irabazle

Bidane Beloki Ezker 2024ko mai. 3a, 11:54

Nuria Cadenes idazlearen Guillem euskaratuko du itzultzaileak. 6.000 euroko laguntza jasoko du proiketua guazatzeko eta 2025eko abenduan argitaratuko du lana Txalapartak. Jatorrizko testuko erritmoa euskaraz gordetzeko gaitasuna nabarmendu du epaimahaiak.

Amaia Apalauza Ollo (Iruñea, 1979) itzultzaile-zuzentzaile da. eta hauxe ez da katalanetik itzuli duen lehen eleberria, Irene Pujadasen Puskak (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora (consonni, 2024). Oraingoan, Nuria Cadenes idazlearen Guillem euskaratuko du itzultzaileak eta 2025eko neguan, abenduan, iritsiko zaigu esku artera. Txalaparta agitaletxeak argitaratuko du eta 2026ko (H)ilbeltzean aurkeztuko dute. Horretarako, 6.000 euro jasoko ditu idazleak; 3.000 lana gauzatu bitartean eta beste erdia, lana argitaratzean.

Antolatzaileek jarritako testu zati baten aurrean egiten dute lan parte hartzaileek eta horretan gailendu dute Apalauzaren lana. Cadenesen katalanezko testuko erritmoa euskaraz gordetzeko gaitasuna nabarmendu du epaimahaiak. Joskera zaindu eta euskararen baliabide ugariak baliatu ditu Apalauzak. Zoriondu dute antolatzaileek: “jario eta aberastasun handiko testua da”.

Nobela beltza sustatzeko xedez, orain arte, beste hiru itzulpen argitaratu dituzte bekari esker. Patricia Highsmithen Lardaska, Josu Barambonesek euskaratua; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; eta Beñat Irastortzak itzulitako Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak. Itzulpena egokitu da aurtengo (H)ilbeltzaren edizioan, izan ere urtero-urtero txandakatzen dute sormen ala itzulpen lana saritzea.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean antolatzen dute beka eta aurtengo epaimahaia hiruetako ordezkariek osatu dute. Fernando Anbustegi, Baztango alkatea; Beñat Irastorza, aurreko irabazlea eta (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria; eta Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkaria izan dira arduradunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!