2007tik Iruñeak duen aurrekonturik handiena adostu dute EH Bilduk, Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta PSNk

Haritz Pascual Garjon 2024ko mar. 4a, 14:21

265 milioi euroko aurrekontua izanen da, auzoen arteko desorekekin amaitu, trantsizio energetikoa sustatu eta etxebizitza arazoei aurre egiteko helburu duena. UPNren garaiko geldialdiari amaiera jarri zaiola azpimarratu dute lau alderdiek.

“Ez zen horren zaila” azaldu du Joseba Asiron alkateak akordioa sinatuta, “Ez zen bereziki zaila, soilik behar zen ezberdinen arteko akordioak lortzeko jarrera izatea”. EH Bilduko alkateak balorean jarri du Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNko kideen jarrera, “Momentu guztietan ikusi dudana da lau indarrek jartzen zituztela hiriaren interesak, alderdiaren interesen gainetik eta nik alkate bezala eskertzen dut”. Iruñeak 265milioi euroko aurrekontua izanen du, azken bi urteetan UPNren akordioetarako jarrera falta zela eta aurrekonturik gabe egon eta gero. “Aurrekontu oso espansiboak dira, 2007tik honat handienak eta Iruñeko historian bigarrenak” azaldu du alkateak, “Izaera soziala dute, auzoetan egingo den lana, trantsizio energetikorako egingo diren urratsak eta etxebizitza arazoari heltzeko izanen diren partidengatik”.

EH Bilduren gobernu bazkideak ere pozik azaldu dira aurrekontu akordioarekin. “Beste batzuetan akordioak lortzea zailago izaten da” adierazi du GBaiko Koldo Martinezek, “Oraingo honetan errazago izan da, argi ta garbi erakutsiz lau talde progresistok gogoa genuela eta nahi genuela, Iruñeak horrela behar zuelako, akordio batetara iristea”. Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek, UPNren paralisiari amaiera jartzen zaiola azpimarratu du akordioa sinatzera orduan.

Udal Gobernua kanpotik sustengatzen duen PSN ere kontent azaldu da akordioarekin. “Akordio honek erakusten du arduraz, zintzotasunaz eta konpromezuz, jarrerak gerturatu daitezkeela eta beharrezkoak diren akordioak lortu daitezkeela” adierazi du Marina Curiel zinegotzi sozialistak. PSNk 3.7milioi euroko zuzenketak adostu ditu Udal Gobernuarekin, “Buztintxuriko liburutegia eraiki, udal azokak sustatu eta Erorien eraikinari izaera berria emateko besteak beste” azaldu du Curielek. Hain zuzen, Askatasunaren plazaren eraikinari buruz galdetuta PSNko zinegotziak argi utzi du haien jarrera, “Memoriaren legeari helduta, Erorien eraikinari izaera berria ematearen alde gaude, izaera berria emateak ez du esan nahi eraikina eraistea”. Legegintzaldi honetan eraikinaren etorkizunari buruzko eztabaida emango da Udalean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!