Iruñeko Etxebizitza Eskuragarrien Udal Plana aurkeztu dute gaur eta datozen urteetan 4.000 etxebizitza sustatzea aurreikusten dute. Bi fasetan banatzen den gidalerroa sortu dute eta 16 neurri ezarri dituzte plana martxan jartzeko. Joseba Asiron alkatearekin batera, Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotzia, Koldo Martinez Komertziorako zinegotzia eta Txema Mauleon Ekintza Sozialeko zinegotzia izan dira planaren aurkezpenean.
Lehenengo fasean, 1.200 eta 1.600 etxebizitza babestu artean sortu nahi dituzte, datozen zortzi urteotan. Bigarren faseak, Donapean garatuko den auzo berria izango du oinarri. Eraikiko diren 5.000 etxebizitzetatik, erdia etxebizitza babestuak izango baitira.
Bestelako neurrien artean, Etxebizitza Eskuragarrien Udal Planak etxebizitza soziala, alokairu soziala (gazteentzako alokairuak barne), gazteen emantzipaziorako erraztasunak, adineko pertsonentzako lankidetza-proiektuak eta etxebizitza-kooperatibak sustatuko ditu. Kronograma gobernuarekin adostuko duten arren, Joxe Abaurrea hirigintza zinegotziak baieztatu jada martxan daudela.
Etxebizitza-banaketa hainbat auzotan egingo da, oraindik garatu gabe dauden lursailak aprobetxatuz, hala nola Buztintxurin, Arrosadian, Azpilagañan, Txantrean, Etxabakoitz iparraldean, Arrotxapean eta Sanduzelain.
Iruñean mugarria izango den plana, “gutxi batzuen interesak babestu eta bermatzeari uzteaz gain, guztion etxebizitzarako eskubidea duintzeko plana da” nabarmendu du Koldo Martinezek. Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarlana azpimarratu dute zinegotziek. Udal aldaketa egin eta hilabetera, UPNk zapuztu zituen Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarlana berreskuratu dute. Hasiera batetik hauteskundeetan finkatutako lehentasunei heldu eta aurrera eraman ditu EH Bilduk.