'Arnasa betean' ikusgai otsailaren 7an, Iruñean

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 29a, 11:00

  • Euskal Herriko emakume zinemagileen lanak eta ekarpenak aztergai dituen dokumentala da.
  • Aurkezpena Kondestable Jauregian egingo dute, arratsaldeko 19:30ean, doako sarrerarekin. 

Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak idatzi eta zuzendu duten dokumentala da Arnasa Betean. Lanak "atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileek egindako zineman murgiltzea proposatzen du". Horretako María Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Arantxa Etxebarria (Carmen y Lola eta Chinas), Lara Izagirre (Nora, Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azúa (Cinco lobitos), Estibaliz Urresola (20.000 especies de abejas) eta beste hainbat zinemagileren lanak aintzat hartu dituzte.

Beren filmetan jorratzen dituzten gaiak, ikuspuntua, aurrera egiteko ahaleginak, eta, batez ere, zineman egindako ekarpena erakusten du Arnasa Betean lanak. 2022ko iraila eta abendua bitartean grabatu zuten Euskal Herriko hainbat tokitan: Donibane Lohizunen, Pasai Donibanen, Elantxoben, Hondarribian, Jaizkibelen, eta Iruñean, esaterako.

Dagoeneko hainbat jaialditan aurkeztu ondoren, otsailaren 1ean, Oiartzunen estreinatuko dute, eta ondoren, asteazkenean, 7an, Iruñean proiektatuko dute filma. Kondestable jauregian emango dute, arratsaldeko 19:30ean eta sarrera librea izango da, lekua bete arte. Emanaldian zuzendariek euskarazko aurkezpena eta solasaldia egingo dute.

Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak idatzi eta zuzendu dute dokumentala eta Rubén Crespo izan da argazki-zuzendaria; urpeko grabaketan espezializatua dago. Kim Maiteny, Sonia Uribe, Belén Moreno eta Leire Arzuagaren esku egon da ekoizpena. Maitane Carballo da zuzeneko soinuaren arduraduna; Xanti Salvador soinu muntaketarena; eta Alex Argoitia, berriz, irudiaren postprodukzioaren buru da. Olatz Salvadorrek eta Borja Antonek sinatu dute musika. Azkenik, Amaia Merino arduratu da muntaketaz eta Ane Antoñanzas izan da produktore exekutiboa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!