2024ko Sanferminetako txupinazoa nork jaurtiko duen Iruñeko bizilagunek erabakiko dute. Iragarpena Maider Beloki, Kultura zinegotziak egin du Udaleko hiritarren gaietarako batzordean. "Udal Gobernu taldearen asmoa da Sanfermin herrikoi eta parte hartzaileak berreskuratzea" azaldu du Belokik, "Sanferminetako mahaia oinarri, hiriko bizilagun, festa eragile eta hiriko taldeekin batera egin nahi dugu hori". Aldaketa hau, festen hasieratik bertatik somatuko da. "Txupinazoa botako duen pertsona edota eragilearen hautaketa, herri bozketaz eginen da berriz" iragarri zuen kultura zinegotziak.
Txupinazioaren jaurtitzailearen hautaketa herrikoia Joseba Asironen lehendabiziko alkatetzan ezarri zen, ordurarte udal taldeak txandakatzen baitziren txupinazoa botatzeko, alkateak izanik azken hitza. Herri bozketaren bidez ordea, Bronce peñako El Tulik, DYA elkarteak, Motxila 21 musika taldeak eta La Pamplonesa bandak izan zuten festei hasiera emateko ohorea. Eskuinak alkatetza berreskuratuta, bertan behera geratu zen hautaketa herrikoia eta alkateak hartu zuen txupinazo jaurtitzailea izendapenerako agintea, Juan Carlos Unzue futbol atezain ohia eta Osasuna futbol taldea izendatu zituelarik 2022an eta 2023an txupinazoa botatzeko.
Kolektibo eta eragileendako txokoa
Kultura zinegotziak iragarri zuen 2024ko Sanferminetarako Herri Sanferminak taldea eta aniztasunaren kolektiboekin elkarlana sustatuko duela, espazioen erabilera adostua lortzeko. UPNk Runa parkera eta Trinitariosera zokoratu zituen eragile hauen festaguneak, aldaketaren udal gobernuak ordea, festaren erdigunera itzularazi nahi ditu.