Eskola eta auzoetako kalejirak espaloira behartu dituen araua bertan behera utzi du Iruñeko Udalak

Haritz Pascual Garjon 2024ko urt. 22a, 11:48

Iturramako bizilagunak kalejiran espaloitik 2022an

Hemendik aurrera, kalejirak errepidetik joan ahalko dira eta udaltzainen babesa izanen dute. Azken legegintzaldian UPNren aginte taldeak espaloietara behartu zituen Olentzero, inauteri eta erraldoietako kalejirak. Isunak ere jaso zituzten, espaloian kabitu ezinik, errepidean sartu ziren kalejiren antolatzaileek.

Iruñeko Udal Gobernu talde berriak bertan behera utzi du azken legegintzaldian auzoz auzo eta hainbat ikastetxeetan polemikoa izan zen araua. Endika Alonso, hiri segurtasunerako zinegotziak azaldu duenez, UPNk kalejirak espaloietara bidaltzeko erabiltzen zuen arauaren paragrafoa ezabatu dute. "Ikastetxeetako eskariek ez dute udaltzainen babesik izanen eta ezingo dute trafikoa moztu" zioen orain ezabaturiko paragrafoak. Alonsok azaldu duenez, ezabaketa hau lehen urratsa izan da. “Espazio publikoaren erabilera demokratikoago bat lortzeko arau berria idazten ari gara” adierazi du EH Bilduko zinegotziak.

Aipaturiko paragrafo polemiko hori 2005eko araudian txertatu zen baina ez zen aplikatu pasa den legegintzaldian UPNk agintea berreskuratu arte. Honela, 2022ko inauterietako 8 kalejira espaloira bidali zituen Iruñeko Udalak eta beste horrenbeste gertatu zen 2023an 9 kalejirekin. Erraldoi konpartsek ere sufritu dute araua eta espaloietan sartu ezinik ibili dira 20 kalejira ezberdinetan. Arrotxapeko eta Txantreako erraldoiek istripuak izan zituzten, espaloietan estropozu egin eta lurrera erorita.

“Egoera hauek guztiak ekidin nahi ditugu” esan du hiritarren segurtasunerako zinegotziak, “Auzo eta ikastetxeetako ekimen herrikoiak lagundu nahi ditugu, antolatzaile eta udaltzainen elkarlana sustatuz” gaineratu du Endika Alonsok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!