Nafarroako Gobernuak informazio kanpaina bat abiarazi du, 14 eta 30 urte bitarteko gazteek jakin dezaten zer baliabide eta zer zerbitzu publiko dituzten hezkuntza afektibo-sexualaren arloan. Era berean, zerbitzu horien erabilera sustatzeko xedea dauka kanpainak. 'Sexualitatean, ez geratu zalantzan' lelopean gazteenen artean dauden galderei erantzun ematea da xede. 'Ba al dakizue zer den sextinga? Eta, zeintzuk diren bere arriskuak eta dakartzan ondorioak?' bezalako galderei, hain zuzen.
Foru Exekutiboak heziketa eta informazio egokia eman nahi ditu, "harreman afektibo-sexualak oinarritu daitezen berdintasunean, errespetuan eta indarkeria maxistaren errotiko ezabaketan". Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak abiatu dute kanpaina.
Baliabideen artean, Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroek eta, bereziki, Andraize zentroak eskainitako zerbitzuak nabarmendu dituzte. Izan ere, gazteei arreta emateko programa espezifikoa garatzen dute sexu- eta ugalketa-osasuna mantentzeko edota hobetzeko. Bestelako baliabideen artean, Osasun Gaztea Nafarroa webguneak arlo askotako informazioa eskaintzen du: sexualitatea, harreman seguruak, antisorgailuei edo sexu-transmisioko gaixotasunei buruzkoa. Gainera, adituen talde batek erantzuten dituen kontsultsa anonimoak egiteko atala ere badauka.