Cristina Ibarrolak Olentzerori harrera eginen dio; ez, ordea, errege magoei. Bere aurkako zentsura mozioa gaur goizean erregistratu dute, eta abenduaren 28an eztabaidatu eta bozkatuko dute. Ziurtzat jo daiteke egun horretatik aurrera Joseba Asiron izanen dela, berriro, euskaldunon hiri buruzagiko alkatea, mozioa PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek sinatuko baitute, eta lauon artean gehiengo osoa daukate: 27 zinegotzietatik 16. Oraindik negoziatzeko dute udal gobernua nola osatuko duten, ardurak nola banatuko dituzten mozioaren aldeko indarren artean.
PSNren jarrera aldaketa
Cristina Ibarrola ekainaren 19an jabetu zen Iruñeko aginte makilaz. PSNk ez zuen gehiengo aurrerakoiko hautagairik bozkatuenaren alde, hau da, Joseba Asironen alde egin, eta hala UPNri alkatetzako ateak irekita utzi zizkion. Ibarrola bigarren bozketan eta zerrendarik bozkatuenaren automatismoaren bitartez bihurtu zen alkate.
Orduan, eta uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak hurbil zirelarik, PSNren udal eledun Elma Saiz irmo mintzatu zen: “Ez dut alkate eginen ez Cristina Ibarrola ezta Joseba Asiron ere”. Handik aste gutxira, ordea, hauteskunde horiek igarota eta Pedro Sanchezen gobernua osatzeko negoziazioen ingurumarian, sozialista nafarren mezua aldatu egin zen. Urrian, Maria Txibite lehendakaria eta Elma Saiz bera behin baino gehiagotan kritiko azaldu ziren Ibarrolarekin. “Pazientzia agortzen ari zaigu. Iruñeko Udalean egoera jasanezina da”, esan zuen Saizek.
Zentsura moziorako bidean bi mugarri etorri ziren horren ondotik. Lehena, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentetzarekin gertaturikoa. Lehendabizikoz, PSNk EH Bilduren hautagai baten alde bozkatu zuen, Xabier Alkuaz federazioko buru bihurtzeko. Bigarren mugarria Elma Saizen ministro izendapena izan zen, Madrilera alde eginda, Saizek ez baitzuen haren hitza jan beharko Asiron alkate egiteko.
UPNren oreka ezinezkoa
UPNk oreka ezinezkoa lortu nahi izan du Cristina Ibarrola aginte makilaz jabetu zenetik. Batetik, Iruñeko Udalean PSNren babesa bilatu du, erabaki estrategikoetan gehiengo osoa erdieste aldera; baina, bestetik eta aldi berean, kalera atera da Sociedad Civil elkartearekin, PPrekin eta Voxekin batera, Proceseko kideen amnistiaren eta Pedro Sanchezen gobernu berriaren, hau da, alderdi sozialista beraren aurka.
Itxura guztien arabera, Sanchezen gobernua eratzeko negoziazioak erabakigarriak izan dira Iruñeko zentsura mozioa bideratzeko tenorean. Baina, halaber, Ibarrolaren kudeaketa kaskarrak -edo Enrique Maiarengandik jasotako herentziak, nondik begiratzen zaion- bide hori erraztu du: Gurutze plazako aparkalekuan atzera egin zuen, auzokoen protestek kikildurik; San Fermin Txiki festetan hainbat ekitaldi debekatu zituen, hainbat iruindar haserraraziz; Belosoko maldako oinezkoentzako eta bizikletentzako errailaren proiektua bertan behera utzi zuen aldebakartasunez, Nafarroako Gobernuari eta Burlatako Udalari bizkarra emanda.