Abenduaren 10ean, igandean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zuenetik 75 urte beteko dira, eta hartara, Nafarroako Arartekoak eta Foru Erkidegoko 56 gizarte erakundek adierazpen instituzionala sinatu dute; ‘Giza Eskubideak, oraindik eraikitzen ari den desioa’ lelopean.
Pertsona guztiek eskubide guztiak dituztela aldarrikatzeko eta lanean jarraitzeko adierazpena da sinatutakoa. Patxi Vera Nafarroako Arartekoak adierazi du Nafarroak Gizarte-erakundeen sare “izugarria” duela, eta horri esker artatzen direla Foru Erkidegoko pertsona guztiak. Hala ere, eskubideen kantitatea baino, kalitatea nabarmendu du Verak. Zenbaitetan eskubideak betetzen dira baina zabaldu behar diren muga batzuekin. Beste eskubide batzuk, berriz, ez dira betetzen ere. Kalean bizi diren pertsonak esaterako, momentuko lehentasuna dira.
Lehentasun horiek azpimarratu dituen arren, badira beste hainbat lan esparru. Hain zuzen ere, bat egiten duten 56 entitate horiek jorratzen dituztenak. Ijitoen Erakundeak, Sarayk, Gurutze Gorriak, Unicefek, Aspacek edota Emausko Trapuketariak daude sinatzaileen artean.
Hamar puntutan bildutako gidalerroak eta konpromisoak bildu dituzte adierazpenean. Besteak beste, lanerako eskubidea, desoreken aurka egitea, lankidetza, edonolako erasoak gaitzestea, hezteko eskubidea, pertsonen gaitzea edota oinarrizko eskubideen bermea bildu dute bertan. Oraindik lortzeko dagoena ikusarazteaz gain, ospatzera ere dei egin dute sinatzaileek, eta horretarako, ‘Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala’ izeneko liburuxka Yacine Ait Kacik ilustratua sortu dute. Betiere, “inor atzean ez uzteko” eta “pertsona guztiek eskubide guztiak izan ditzaten”.