'Erresiñula kantari' diskoa aurkeztu eta kantatuko dute gaur, Zaldiko Maldikon

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 28a, 08:26

Arratsaldeko 20:00etan, Zaldiko Maldikon, disko aurkezpena eta kantaldia eskainiko dute, sarrera irekiarekin. Betiko musika doinu berriak bildu ditu Bedaxagarrek ‘Erresiñula kantari’ azken lanean.

Erresiñula kantari diskoa aurkeztu eta kantaldia eskainiko du Jean Mixel Bedaxagarrek Errege Belda eta Juan Mari Beltran musikariekin batera. Arratsaldeko 20:00etan, Zaldiko Maldikon, sarrera librearekin. Karrikirik, Zaldiko Maldikok eta Iruñeko Udalak antolatutako jarduera da.

Zuberoak Euskal Herria osoa aho bete hortz uzteko moduko kultur produkzioa dauka. “Eta herrialdeko sortzaileen artean Jean Mixel Bedaxagar izan daiteke emankorrenetako bat”, hala dio diskoaren aurkezpenak. Hamaika saltsatan sartuta ibiltzen da Urdiñarbeko musikaria eta, tarteka disko batekin saritzen gaitu: Erresiñula kantari.

14 kantuk osatzen dute lana eta Bedaxagarrek Errege Belda eta Juan Mari Beltran musikariekin batera sortu du. Bedaxagarren apustua tradizioari eustea izan da, baina jakinik garai berrietako doinuek ere bere ekarpena egin behar dutela, euskarak eta euskal kulturak iraungo badute. Zuberoako kantutegi oparotik hasita, Bedaxagarrek berak konposatutako doinuetara, Erresiñula kantari ekialdeko herrialdeko ahaireak eta kantatzeko erak ekartzen dizkigu, izan garena eta izango garenaren arteko zubiarena egin nahiz, garena izateari utzi gabe. Musika tresna tradizionalen abaroan isurtzen dira kantuok (txirula, ttunttuna, xirolarrua...), baina baita a capella ere, Zuberoako eran.

Erresiñula kantarin lagundu dutenen artean, aipamen berezia merezi dute Errege Beldak eta Juan Mari Beltranek. Biek ekarpen handia egin diote, diskoaren prestakuntzan aritu baitira. Gainera, Errege Beldak, akordeoia jo ez ezik, ahotsetan parte hartu du. Beltranek, berriz, txirula eta xirolarrua jo ditu besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!