Sokadantza luze baten irudia erabiliko du Duguna dantza taldeak bere 75.urteurrena ospatzeko kartel eta afixetan. Maite Mutuberriak egin du, ilustrazio koloretsua eta bizia. “75 dantzari, elkarri helduta dantzan ikus ditzakegu soka dantza erraldoian, herritar xumeak, dantzaria…bat taldearen urte bakoitzeko. Dugunakoek lagundu didate pertsonai bakoitzari izaera ematen, bertan ikus ditzakegu dantzariak, txistulariak, musikariak…” azaldu du Mutuberriak.
Pozik azaldu dira dantza taldekoak irudiarekin, “Sokadantzak ongi laburbiltzen duelako egun Dugunak duen izaera eta orain arteko ibilbide guztia” adierazi du taldeko zuzendari Aritz Ibañezek. Done Saturdi egunean ekingo diote ospakizunei. Ohiko prozesio osteko dantzez gain, Iruñeko Udalak hiriko zigilua emanen die udaletxe barruan. “Baina gero kalera atera nahi dugu” gaineratu du Ibañezek, “Mutuberriak egindako irudian bezala, sokadantza erraldoia antolatu dugu, 150 partaideekin; Duguna dantza taldetik pasatako dantzariekin”. Udaletxe plazatik Gazteluko plazara igoko dira, sokadantzan helduta eta bertan bisita berezia eginen dute. “Iruñeko Orfeoiaren egoitzaraino joanen gara eta orfeoiko kideetako batzuk sokadantzara batuko dira, 1949an garaiko Iruñeko Udalak dantza taldea sortzeko agindua eman zuenean, Iruñeko Orfeoiak hartu zuelako hura antolatzeko ardura”. Gazteluko plazan bertan dantza saioa eginen dute, Iruñeko beste dantza taldeetako kideekin batera.
Done Saturdi eguneko ospakizuna, urtebeteko jarduera egitarauaren lehendabiziko hitzordua izanen da. “Urte osoan, erakusketak, hitzaldiak, dantza tailerrak, emanaldiak…antolatuko ditugu” azaldu du Dugunako zuzendari Aritz Ibañezek.