Abenduaren 1ean amaituko da 'Biko-Teka' ilustrazio eta narrazio tailerrean izena emateko epea

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 20a, 08:41

Biko-Teka tailerra. Argazkia: Galtzagorri Elkartea.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra, Iruñeko Kondestable Jauregian, 8 bikotek parte hartuko dute. Galtzagorri Elkarteak antolatzen du lantegia.

Biko-Teka tailerraren helburua euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutzeko gunea eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken ezagutza eskuratzeko tartea da. Liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute. Galtzagorri Elkarteak Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin antolatzen du

16 lagunek, 8 bikotek, lau egun eta erdiko ikastaroan album ilustratu baten proiektua abiatuko dute. Tailerra bukatu eta hiru hilabetez, irakasleek segimendua eskainiko diete e-postaz hala nahi duten ikasleei garatzen duten proiektuaren inguruan.

Aurtengo edizioan Aitziber Alonso ilustratzailea eta Harkaitz Cano idazleak koordinatuko dute tailerra. Bestelako adituek ere parte hartuko dute Biko-Tekan haien ezagutza partekatuz: Junkal Lertxundik, Ikaselkarreko KIMU proiektuko Euskara eta literatura atalaren sortzailea; Idoia Arozenak, Ikaselkarreko KIMU proiektuko Euskara eta literatura ataleko editorea; eta
Carmen Elvirak; Pamielako editorea hitzaldia eskainiko dute.

Partaideak banaka zein binaka aurkeztu daitezke eta bakarka aurkezten
direnei bikotea aurkituko diete, posible den heinean. Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira. Ezinbestekoa da euskaraz jakitea eta Galtzagorri elkarteko bazkidea izatea baloratuko da. Izen-ematea abenduaren 1era arte egin daiteke.

2024ko urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra egingo da lantegia, Iruñeko Kondestable Jauregian. Lau egunez, goizez eta arratsaldez arituko dira (9:00-14:00etara eta 15:30-18:30 bitartean), eta azken egunean, goizez. Partaideek derrigorrezko bertaratzea izango dute, saio guztietara joateko konpromisoa hartu beharko dute.

Eskaerak aurkezteko informazioa eta informazio osagarria hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!