Torturari buruzko Nazioarteko II. Jardunaldiak egingo dituzte ostiralean, Iruñean

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 13a, 09:47

Biktimen aitortza, laguntza psikosoziala eta torturaren osteko erresilientziaz arituko dira Planetarioan nazioarteko adituekin.

Tortura. Erreparaziorako urratsak konferentzia antolatu du Nafarroako Torturatuen Sareak Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, azaroaren 17an, ostiralean, Iruñeko Planetarioan. Egitarauari dagokionez hiru solasaldi egingo dituzte arratsaldeko 16:30 eta 20:00ak bitartean.

Mari Jose Garcia Nafarroako Torturatuen sareko kideak hala azaldu du jardunaldien helburua: "Torturaren gaiak gure herrialdean itzaletik argira ateratzea lortzen ari garela adierazteko baliatu nahi dugu agerraldia". "Guretzat ezinbestekoa da torturak Nafarroan gizarteratzean izan duen eraginaren eta gertatutakoaren berri ematea", gaineratu du Garciak. 1960tik gaur egun arte arrazoi politikoengatik eragindako tratu txar eta torturak ikertzea ezinbestekotzat jo dute, "eragindako zauriak aitortu eta sendatu ahal izateko".

Horretarako nazioarteko adituak gonbidatu dituzte Iruñeko Planetariora hitzaldietan parte hartzeko. Biktimak birgaitzeko eta eremu politiko-sozialean aitortzeko eskubidea hitzaldia eskainiko dute Lorena Pérez Oosrio Txileko psikologoak eta Jorge Chocarro Zoco Nafarroako Torturatuen sareko kideak. Martxelo Díaz kazetaria izango da moderatzailea eta arratsaldeko 16:30ean hasiko da, ordubetez.

Bigarren hitzaldia 17:30ean hasiko da eta Jeannette Ruiz Goikoetxea psikologo klinikoa izango da moderatzaile. Biktimei eta senideei laguntza psikosoziala. Salaketak ikertzeko aditu-protokolo izenpean solastuko dira Juana Luisa Lloret de Fernández Perutik etorritako psikologoa eta Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo klinikoa.

Atsedena eta otamenaren ondotik azkenekoari helduko diote: Erresilientzia eta erreparazioa, motibazio politikoak eragindako torturaren ondoren. Paco Etxeberria Gabilondo mediku forentsea eta Aranzadiko kidea eta Pau Pérez Sales psikiatra eta Torture Journaleko kidea izango dira hizlariak; Jesús Barcos Carbonell kazetaria moderatzaile.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!