'Trastoteka' gauzen liburutegia sortu du Geltokik

Euskalerria Irratia 2023ko urr. 26a, 08:38

'Trastoteka' mailegu gela. Argazkia: Geltoki.

Etxean eta noizbehinka erabiltzen diren objektuak aldi baterako mailegatzeko espazio komunitarioa da. Astearte eta ostegunetan arratsaldez eta larunbatetan goizez egongo da zabalik. 

Trastoteka, gauzateka edo gauzen liburutegia sortu du Geltokik noizbehinka erabiltzen diren objektuak aldi baterako mailegatzeko espazio komunitarioa izango da liburutegi hori. Iruñeko autobus geltoki zaharrean dagoen kultur gunean kokatu, takilen txokoan, astearte, ostegun eta larunbatetan egongo da zabalik. Aste tartean 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara.
Brikolajea, lorezaintza, garbiketa, aisialdia, abentura, eta oro har, etxearekin lotutako gauzak edo objektuak gutxi edo noizbehinka baino ez direnak erabiltzen mailegatzeko helburua dauka. 'Erosi beharrean, erabili' lelo`pean ekimenak ekoizpen eta kontsumo mailak murriztu nahi ditu, eta bide batez, herritar guztiek tresna horretara iritsi ahal izatea bermatu nahi dute.

Zerbitzuaren nondik norakoak

Zerbitzuak funtzionamendu argia eta sinplea dauka: liburutegien antzera funtzionatzen du. Maileguak astebeteko iraupena dauka eta objektu bakoitzeko euro bat eta hiru arteko prezio sinbolikoa dauka. Halaber, urteko ordainketa egin daiteke, 20 euroan, urtebetez edonoiz edozein objektu hartu ahal izateko. Irabazi-asmorik gabeko proiektua denez gero, lortzen diren dirua objektuak garbitzeko, txukuntzeko edo beharrezkoa balitz, konpontzeko erabiliko da. 
Azkenik, Geltokitik herritarren eskura jarriko ditu zerbitzuaren funtzionamendu irizpideak baita gauzen katalogoa ere. Informazio guztia eskuratzeko webgunea sortuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!