Euskarazko antzerki-zikloa da Antzerki Aroa. Iaz bezala, lau emanaldi izango dira, baina, aurten, zikloa aurkezteko emanaldi berezi bat eginen da, helduendako ikastetxeetako euskara ikasleei zuzendua. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatu dute udazkeneko antzerki-zikloa.
Euskara ikasle helduei zuzendutako lana da emanaldiei hasiera emango diena. Urriaren 25ean arratsaldeko 19:00etan, Amaia Bonoren Belarri prest. Nire lehenengo sortzelana euskaraz taularatuko da. Proiektua ikasketa prozesu bat da: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia... Hori guztia euskaldunberrien kontakizunetik eta hizkuntzaren azterketatik abiatuta. Amaia Bono antzezle eta arduraduna da eta Idoia Zabaletak baita Laura Gonzalez de Duranak ere laguntzen diote mentoretza eta proiekzio lanetan.
Antzerkia edonoren esku
Irekiera emanaldiaz harago, publiko zabalari zuzendutako lau antzezlan eskainiko dituzte; emanaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, 8 euroan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik. Halaber, webgunean eros daitezke.
Urriaren 27an, ostiralarekin, Metrokoadroka kolektiboak Zeozertan dabil baina ez dakit zertan taularatuko du. 'Sitcom' eta poesia bisualaren artean kokatzen den lana da. Galdera, kontraesan eta umorezko une ugarik ezusteko bidaia eszenikoa sortuko dute. Zer ezkutatzen dute hiru lagunek beren irri faltsuen atzean? Marina Suárez de Ortiz Zarate eta Oier Guillanek zuzentzen dituzte Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran antzezleak.
Azaroko proposamenen protagonistak memoria, emozioak eta ingurumena, eta umore pittin bat, beltza bada ere. Azaroaren 8an asteazkenarekin, Itziar Manerok Memoria aurkeztuko du. Izenburuak aitortu bezala memoria eta haren galerari buruzko antzezlana da. Hala dio sinopsiak: "Amona baten eta biloba baten arteko topaketa. Elkarri galderak egiteko, elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko ahalegin bat, amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen". Antzezlanaren zuzendaria, ekoizlea eta antzezlea Itziar Manero da.
Astebete beranduago, azaroaren 15ean, Mairu antzerki taldeak Intxaurra taularatuko du. Sentimendu, emozio eta ingurumenaren eragina lantzen dituen lana da. "Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxe ondoko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituzten baldintzek eta ekosistemak guregan duten eragina". Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola dira protagonistak.
Zikloaren azken proposamena azaroaren 22an helduko da, La Cuerda Teatroren eskutik. Euli dantza komedia beltza da, eta gaur egungo une bati buruzko gogoeta egiten du. Hala hasten da obra: "Bizilagunen komunitate batean emakume zahar baten gorpua topatu dute, hil zenetik astebete igaro ondoren. Auzotarretako bat bereziki hunkitua dago, eta auzotarren bilera bat antolatzea erabaki du, beilaldi gisa". Maider Lecumberrik, testuaren egile eta antzezleak, eta Maitane Perezek antzezten dute Getari Etxegaraik zuzendutako obra.