LHko hirugarren talde bat Erreniega ikastetxean eta ratioen "jaitsiera lineala" eskatu dute

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 5a, 20:41

Sindikatuen elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren atarian.

Sortzen, Steilas, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. 2024ko aurrekontuetan etapa guztietan ratioak jaisteko partida nahikoa sar dezala eskatu diote Gobernuari.

Zizurko Erreniega eskolan Lehen Hezkuntzako 2. mailan hirugarren talde bat zabaltzea eskatu dute hezkuntza-komunitateak eta Steilas,  LAB, CCOO, ELA, UGT sindikatuek, baita SORTZEN elkarteak ere. Egun bi talde daude. Horietako batek 25 ikasle ditu eta besteak 26. Ratio maximoa 25ekoa da eta ikasle batek premia espezifikoak ditu eta bik diabetesa dute, irakasleek kontrolatzen dutena (monitorizaturik daude glukosa maila kontrolatu ahal izateko). Hartara, hirugarren klase bat eta ratioen jaitsiera eskatu dute.

Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartu ikastetxeko zuzendaritzaren eskaera, eta, horregatik, behar hori betetzeko, jendaurrean salaketa egin dute. Joan den astelehenean, urriaren 2an, Zizurko Erreniegan elkarretaratzea egin zuten ikastetxearen parean, eta gaurkoan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Ildo horretan, sindikatuek azaldu dute Zizurko osoko bilkurak ere presazko adierazpen bat onetsi zuela irailaren 28an, “Hezkuntza Departamentuari hirugarren taldearen irekiera eskatzeko, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta AS Zizurren aldeko botoekin”. Bestalde, 2023ko urtarrilean, beste behin ere ratioen jaitsiera aldarrikatu zuten sindikatuek. “Planteatzen genuen Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Lehen Hezkuntzan 25 ikasletik 20ra jaistea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 30 ikasletik 23ra, Batxilergoan 33 ikasletik 25era eta Lanbide Heziketan 20 ikasletik 15era”, azaldu dute ohar batean. “Gehieneko ratioaren aldaketa hori 2023-24 ikasturte honetan ezarri izan balitz, hirugarren taldea automatikoki sortuko zen eta Zizurko ikasleek, irakasleek eta familiek jasoko zuten horren onura”, gaineratu dute.

2023ko urtarrilean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ratioak linealki 20ra jaitsiko zirela iragarri zuen, baina soilik hezkuntza-laguntzako premia espezifikoko ikasle asko dituzten ikastetxeetan eta 3 urteko taldeen kasuan. Baina, “adin jakin batera eta ikastetxe jakin batzuetara mugatutako ratioen jaitsiera horrek ez du funtzionatzen, eta taldeak bikoizteko irizpidea hobetu behar da”, salatu dute sindikatuek.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako inbertsioa handitzeko konpromisoa hartu du, BPGren % 5era iritsi arte. Gainera, PSNrekin batera koalizio gobernua osatzen duten bi indar politikoek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, “ratioen jaitsiera lineala” eraman zuten haien hauteskunde programetan. Gauza bera proposatu du EH Bilduk ere. Ondorioz, Parlamentuko gehiengo aurrerakoiari eskatzen diogu 2024ko aurrekontuetan partida nahikoa sar dezala, hezkuntzaren etapa guztietan ratioen jaitsiera lineala gerta dadin.

Etorkizunean alderdien konpromisoa eskatzeaz gain Zizurko eskolaren auzia “berehala” konpon dezatela eskatu dute. Bestalde, kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin eta horretarako, “irakasleen lan baldintza egokiak bete daitezen”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!