UPNk amore eman du eta Labari lizentzia eman dio. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenei entzungor egin ondoren, Gazteluko plazan terraza jartzeko baimena eskuratu du Labak, behingoz, prozesua hilabetez luzatu ondoren. Gaur goizean jakinarazi dutenez, Javier Labairu Herritarren Segurtasunerako zinegotziak baimena sinatu du, eta polemika luze bati amaiera eman dio.
Iker Tubia Labako kidea pozik agertu da. "Gaur goizean dagoeneko gure lokalaren ataria hutsik zegoen, eta, ondoren, baimena jaso dugu", azaldu du Tubiak. "Ahalik eta azkarren saiatuko gara terraza muntatzen", gaineratu du. "Dena dela prozesua luzatzeko aitzakiarik ez zegoen", gaineratu du.
Abuztuaren 1ean, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari orokorrak 283/2023 Ebazpena sinatu zuen, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko urrian hartutako erabakia modu subsidiarioan betearazteko. Bertan, Laba Elkarteari terraza izateko baimena aitortzen ziola azaltzen zen. Ebazpenaren berri izan bezain pronto, Windsor tabernak helegitea jarri zuen, baina irail hasieran, Toki Administrazioko zuzendari orokorrak atzera bota zuen. Horren berri irailaren 4an jaso zuten eta, "egoera ikusita, erresoluzioa betetzea beste aukerarik ez zegoela" uste zuten, baina ez da hala izan. Azkenik, Udalaren zuzenketa irailaren 13an gauzatu zen. Eta gaur jakin du Labak jarduerak barruan ez ezik, kanpoan ere egin ahalko dituztela. "Euskaldunei espazio berri bat eskaini nahi genien Iruñeko areto nagusian" adierazi du Tubiak, eta lortu dute. Plaza hartu dute eta "euskaldunontzat beste toki bat" izango da Iruñean.
"Energia eta denbora" kendu die auzi honek labako kideei. Baina azkenean, legea bete da behingoz, eta berandu baino lehen zabalduko dute terraza eta proiektuan gogor jarraituko dute lanean.