Sanduzelaiko biribilguneko mugikortasun arazoa konpontzeko lau zebra-bide jarri dituzte

Bidane Beloki Ezker 2023ko ira. 20a, 08:28

"Epe laburrerako irtenbidea" aurkeztu du Udalak, baina bizilagunek "konponbide integrala" eskatzen jarraituko dute. 

Sanduzelai auzoko bizilagunak auzoan zehar erraztasunez mugitzeko, biribilgunea zeharkatzen duen lurpeko pasabidea zeharkatu gabe, “epe laburreko irtenbidea” eskaini dio Iruñeko Udalak. Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko Sanduzelaiko biribilgunearen inguruan semaforoek kontrolatutako oinezkoendako lau zebra-bide ezarri dira.

Bi bideek auzoa lau zatitan banatzen dute eta orain arte lurrazpiko pasabide baten bidez soilik lotzen ziren. Horrek kezka eragiten zuen herritarrengan, pertsona batzuek, batez ere adinekoek eta mugikortasun murriztua dutenek, plazaren lurpeko eremura iristeko zailtasunak zituztelako, arrapalen malda dela eta. Gainera, Iruñeko Udalak argudiatu du irtenbide honek bateragarria dela “etorkizunean bi etorbideetako zirkulazioa murrizteko Iruñerrian sarbide berriak egiten badira eta iparraldeko hiri-sarea osatzen bada oinezkoei espazio gehiago eman eta zirkulazio-erreiak murrizteko egin daitezkeen proposamenekin”. Era berean, lurperatzeko irtenbidea ere ez du arriskuan jartzen, posible balitz eta gomendatuta balego.

Ibarrolaren "partxeoa"

Arazoa zebra-bideetatik harago doa. Bizilagunek "konponbide intergala eta orokorra" eskatzen dute. Beren auzoa lau zatitan banatzen duen biribilgunearen arazoa konpondu nahian hilabetez egon dira auzokideak protestan. Itziar Muro auzoko bizilagunak Euskalerria Irratiari azaldu dionez hiru helburu bete beharko lituzke konponbideak: "mugikortasuna erraztea, trafikoa murriztea eta auzokideei espazioa bueltatzea". Hasiera batetik eskaera argia egin dutela adierazi du Murok. "mugikortasuna hobetuko da baina hau ez da aski".

Bestelako aukerak baloratu bitartean eta irtenbide orokorra jaso bitartean bizilagunak protestan jarraituko dutela iragarri dute, "jo daitezkeen ate guztiak joko ditugu", aitortu du Murok. Halaber, Ibarrola alkatearekin biltzeko eskaera egin dute, baina momentuz, erantzunik ez dute jaso.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!