Auzitegiak artxibatu du Ahotsa.info faltsuki salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

Bidane Beloki Ezker 2023ko ira. 19a, 12:57

Ahotsa.info-ko kameraria. Argazkia: ahotsa.info

Poliziaren salaketak Mozal Legea zuen oinarrian eta kazetariak adierazpenean bildutako "faltsukerien" aurrean kereila aurkeztu zuen, gertatutakoa bideoan grabatuta baitzuen. Informazioa faltsutzeagatik inolako erantzukizun eza salatu du hedabideak.

2021eko ekainean Ahotsa.info-ko kamerari batek Donibane auzoan etxebizitzen espekulazioaren aurkako protesta bat grabatzen zuen bitartean, Iruñeko udaltzain batek kazetaria salatu zuen irudiak grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea aplikatuz. Udalak polizaren salaketa jasota espedientea ireki zion kazetariari eta 600 euroko isuna ezarri zion. Kazetariak, “harriduraz” espedientean leporatzen zaiona ukatu eta alegazioak aurkeztu zituen. Ahotsa.info-k jakinarazi duenez Poliziak adingabeen irudiak, mozorroa, eta indarkeria erabiltzea salatzen zuen. “Espainiako legeekin ipurdia garbitzen dut” esaldia esatea ere leporatzen zioten kazetariari, baina hark, bideo bat bidali zuen Iruñeko Udalera esku-hartze horretan gertaturakoaren irudiak  aurkeztuz.

Kazetariak haren kontra egindako akusazioak deuseztatu eta “egia esaten zuela” agerian utzi zuen. Horren aurrean, Iruñeko Udalak atzera egin eta isuna artxibatu zuen. Izan ere, “grabazioa egin eta zabaldu bazen ere, grabazioan ez zen agentearen zenbakia ikusten eta ezin zitzaion identifikatu”; hartara, Mozal Legea ez zitzaion aplikatu kazetariari. Dena den, kazetariak polizaren salaketan bildutako deklarazio faltsuak “bere aurkako akusazioak larriagotzeko asmoz” eginak zirela aitortu eta kereila aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegian.

Poliziak epaitegian egindako adierazpenen ondotik, epaileak artxibatzea erabaki zuen. Berriz ere errekurtsoa aurkeztu zuen kazetariak, baina hedabideak gaur jakinarazi duenez, kereila artxibatu du. Behin espedientea artxibatuta, kazetariaren aurkako akusazioak espedientean baloratu ez direla argudiatu du Probintzia Auzitegiak, eta beraz, “udaltzainak gertakariaren inguruan egindako kontakizuna ezin da faltsutzat jo”.

Poliziaren pribilegioa: zigorgabetasun-giroa elikatzen

Poliziak deklarazioan asmatutakoak eta dokumentu ofizial batean adierazitakoak "ez dute ondoriorik agente horrentzat, azkenean ez baitzen isunik ezarri", salatu du hedabideak. Gainera, ahotsak nabarmendu du soilik "agentearen kontakizuna desmuntatzen zuten irudiak zeudelako" izan dela. "Kamerariak bideoa grabatu izan ez balu, inolako zalantzarik gabe, ezarritako isuna ordaindu beharko zuen kazetariak, poliziaren bertsioan oinarrituta", azaldu dute.

Hala ere, "ez dago inolako erantzukizunik gertatutakoa makillatu zuen agenteari erreklamatzeko". Ahotsa.info-k ohartarazi du gertatutakoak "zigorgabetasun-giroa elikatzen duela", eta "gertatu ez diren egitateak jasotzen jarraitu dezaketela kritikatu du hedabideak. "Guk, gure aldetik, kalean gertatzen dena islatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu, zer gertatzen den ezkutatzen dutenen mehatxu eta zigor guztien gainetik", gaineratu du ahotsak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!