Kale gorria: Iruñeko Udalak “gainditutzat” jo du bere burua, Paris 365ek “estaldura falta” salatu du

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 7a, 10:02

Paris 365ek Iruñeko etxerik gabeko pertsonentzako dutxen kostua ordainduko du eta Udalak “errealitate berriari modu integralean” aurre egiteko bilera egingo du.

Etxegabeen kopurua biderkatu egin da azken urteotan, eta, Iruñeko udalak aitortu duenez, ezinezkoa zaio Iruñeari bere gain hartzea eta egoerak gainditu egiten ditu. Raul Armendariz Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, 2019tik zazpi aldiz handitu dute kalean bizi diren pertsonei ostatu emateko gastua, baina, hala ere, ez da nahikoa.

Udan zehar etxerik gabeko pertsonak bizi ziren tokiak hustu ditu poliziak. Aranzadiko komentu abandonatua, Arga parean bizi ziren kideak, edota aste honetan, Renfe tren geltokiko nabe batean zeudenak, esaterako. Azken hauek aldi baterako hartu dituzte aterpetxean larrialdia arintzeko. Izan ere, udan arazoa larriagotzen da estaldura faltak osasun eta higiene-ohiturei eragiten die bete betean.

París 365 fundazioak salatu duenez, bero-boladan 42 graduko tenperaturara iritsi ziren termometroak eta ondorioz, erabiltzaileen artean "izerdi etengabeak, arropa freskatu eta garbitzeko ezintasunak eta sarna, onddoak edo osasungaiztasunak eragindako beste infekzio batzuk eragin ditu". "Dutxa bat eskuratzea oinarrizkoa da higiene-ohiturak eta estetika egokia mantentzeko ez ezik, bizimodu osasuntsua izateko ere” aldarrikatu du fundazioak eta Iruñeko Udalaren jarrera deitoratu du Paris 365ek.

 

Egoera arintzeko erantzunak

Paris 365 fundazioak astean hiru dutxaren eta arropa behin garbitu eta lehortzearen kostua ordainduko duela iragarri du. Iruñean kalean dauden erabiltzaile guztientzako aparteko muda bat ere emango die. Estaldura urriaren aurrean kalean dauden pertsonei geratzen zaien aukera bakarra udal bainuetxeak dira, eta, hala ere, “higienea mantentzeko beste aukerarik ez dutenek oso gutxitan izaten dute zerbitzu hori ordaintzeko adina diru”. Paris 365ek azaldu duenez hauxe da zerbitzuen prezioa: dutxa 1,05 euro; toalla 0,40 euro; xaboi-pastilla 0,40 euro; arropa garbitzea 5,65 euro eta lehortzea beste 5,65. Gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsona batzuk tarifak ordaintzetik salbuetsita dauden arren, “oso irizpide desberdinak antzeman ditugu eta bazterkeria larrian dauden pertsona gehienek ez dute benetan komunetarako sarbiderik".

Fundazioak Iruñeko Udalaren "estaldura falta" kritikatu du eta "bertan bizi diren herritarren oinarrizko premiez arduratzeko" eskatu dio. Bere aldetik, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak egoeraren larritasuna dela eta, bilera bat egingo dute arazoari aurre egiteko; Maeztuk deitutako “errealitate berriari modu integralean aurre egiteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!