Hamar bat jarduera eskainiko ditu uda honetarako Harrotuk, LGTBI kolektiboaren inguruan informatzeko eta haien parte-hartzea nahiz eskubideak sustatzeko Iruñeko Udalaren Zerbitzuak. Irailaren 28ra arte, topaketek, hitzaldiek, lantegi batek, erakusketa batek eta antzezlan batek osatuko dituzte, besteak beste, programazioaren bost atalak: ahalduntze pertsonala, LGTBI+ ahalduntze kolektiboa, jarduera soziokulturalak, sentsibilizazioa eta boluntariotza.
‘Harrotu adi duzu’ izeneko saioak hasiera eman zion atzo programazioari. Ahalduntze pertsonalerako programaren barruan, GAM LGTBI+ da hurrengo proposamena: LGTBI+ pertsonek elkarri laguntzeko taldea. Prozesu horretan, autoezagutza eta autozaintza lantzen dira, LGTBI+ ikuspegitik norberaren ahalduntzean aurrera egiteko. Programa horrek hiru hitzordu izanen ditu, uztailaren 27an, abuztuaren 31n eta irailaren 28an, arratsaldeko seietatik aurrera.
Programa horren barruan, irailaren 20an (asteazkena), 17:00etatik 19:00etara, ‘Bi errealitateak: Bisexualitatea eta Bifobia’ lantegia eginen da, Elisa Coll idazle eta aktibistaren eskutik. Lantegi horretan, sexu-indarkeriaren arazoa aztertuko da, komunikabideetan duen irudikapen estereotipatua, eta informazio falta, horrek isolamendu handiagoa eragiten baitu, Harrotuk azaldu duenez.
Jarraian programaren atal bakoitzaren egitaraua:
Ahalduntze-programa
Uda letren bidezko topaketak egiteko garai aproposa izaten da; hiru asteazkenetan eginen dira, 18:00etatik 20:00etara. Lehenbizikoa abuztuaren 3an eginen da, transen T letraren inguruan; bigarrena, abuztuaren 17an, lesbianen L eta bisexualen B letren inguruan; eta hirugarrena, irailaren 21ean, bisexualen topagune gisa. Irailean baita ere, asteartean, hilak 19, LGTBI+ gazteen topaketa intersekzionala eginen da, arratsaldeko seietan. Gainera, irailaren 23an, larunbatarekin, Bisexualitatearen Nazioarteko Eguna ospatuko da.
Gizarte- eta kultura-jarduerak
Nafarroako Antzerki Eskolan ‘Identitarteak’ 'antzezlana taularatuko da abuztuaren 10ean, osteguna, arratsaldeko zazpietan. Gilkitxaro konpainiarena da lana. Ane Zabalak eta Galder Pérezek, Aitor García de Vicuña (Gartxito) musikariarekin batera, testu-antzerkia, soinu-esperimentazioa eta performance-zipriztinak nahasten dituzte lan horretan. Ikuskizun honetarako sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte, Nafarroako Antzerki Eskolan aurrez gonbidapena jasota. Irakurketak ere badu lekua jarduera-plan honetan; abuztuaren 30ean (asteazkena), LGTBI+ Irakurketa Klubaren saio berri bat eginen da 19:00etan, Harrotun.
Sentsibilizazioa eta oinarrizko prestakuntza
Irailean, ‘Collages Grupo Bisex’ erakusketarekin irekiko da sentsibilizazio-programa. Erakusketa San Gregorio kaleko zentroan bertan egonen da ikusgai, irailaren 4tik 30era bitartean. Asteartean, irailak 12, Juan Artega zinema eta ikus-entzunezkoetan aditu eta LGTBI+ aktibistak ikus-entzunezko hitzaldi bat eskainiko du, zinema komertzialak hainbat hamarkadatan LGBTI+ pertsonak eta gaiak nola irudikatu dituen azaltzeko. Hitzaldi horrek underground zinema ezezagun, ausart, probokatzaile eta jai-giroko film eta zuzendaritza-lanen gaineko ikus-entzunezko ibilbidea ere egiten du.