Buztintxuriko etxegabetzea gerarazi dute

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 22a, 13:23

Argazkia: @Haritu_sarea

Dozenaka lagun elkartu dira Carolinaren eta haren seme alaben etxebizitzaren parean, Haritu Elkarlaguntza Sareak deiturik. Auzitegiak kaleratzea bertan behera uztea erabaki du.

“Oso pozik gaude denok. Zuek ere ikus dezakezue zeinen pozik dauden Carolina eta bere familia. Herri presioari, Buztintxuriko auzokideei eta Iruñeko antolaturiko jendeari esker, etxegabetzea geraraztea lortu da, Carolina haren etxetik botatzera ez etortzea”, azaldu du Haritu Elkarlaguntza Sareko ordezkariak kazetarien aurrean. Carolinak bi haur adingabe dauzka bere ardurapean eta egoera zaurgarrian dago.

Irtenbidea ez da behin betikoa

Auzitegiak gaur goizerako zuen aginduta kaleratzea. Haritu Elkarlaguntza Sareak deiturik, dozenaka lagun elkartu dira Buztintxuri auzoko Santos Otxandotegi karrikan, Carolinaren eta haren seme alaben etxebizitzaren aitzinean, eta etxegabetzea geraraztea lortu dute. Auzitegiak bertan behera utzi zuela jakinarazi die. Nolanahi ere, lorturiko irtenbidea ez da behin betikoa: “Polizia eta ordezkari judizialak etortzekoak ziren eta gaur ez etortzea lortu dugu, baina beste egunen batean saiatuko dira”, aitortu du Harituko ordezkariak.

Carolinaren etxebizitza babes sozialekoa eta jabetza publikokoa zen, 2008ko krisiaren ingurumarian Testa higiezinen enpresak erosi zuen arte. “Funts putre bat da, higiezinen enpresa moduan elkarteen zergarengatik ez du deus ordaintzen. Lau atari dauzka Buztintxurin. Sanduzelain eta Arrotxapean gehiago ditu. Auzokoak oso haserre daude Testarekin. Auzoa abandonaturik daukate. Ez dute apurturiko deus konpontzen, umeltasunak dauzkate, galderak apurtuta daude duela sei hilabetetik, hau onartezina da”, azaldu dute.

Auzibidea ez zegoen bere izenean

“Etxebizitza edukitzeko bere eskubidea urratu dute, baina ez hori soilik. Maizter moduan aitortua izateko bere eskubidea ere urratu dute; izan ere, auzibidea hirugarren pertsona baten izenean zegoen, eta inoiz ez dute onartu izan Carolina hemen bizi dela. Baina Carolina hemen bizi izan da eta hemen bizi da”, azaldu dute.

Beste etxebizitza baten bila

Gauzak horrela, Carolinarentzat beste bizileku bat bilatzen ari direla jakinarazi dute: “Hau izan daiteke edo beste bat. Erakundeek, udalek, Nafarroako Gobernuak diote ez daukatela etxebizitzarik, baina badituzte, eta asko gainera”.

Salatu dutenez, “babes ofizialeko hainbat etxebizitza hutsik eta itxita dauzkate. Alde Zaharrean ere etxebizitza huts pilo bat dago, azalera handiko saltoki baterako gordeta. Gazte ekintzaileei Kale Nagusian eraikin oso bat oparitu nahi diete. Nafarroan 25.000 etxebizitza huts daude”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!