Datorren larunbatean, ekainaren 10ean, Nafarroako Museoak uda honetan eskaintzen dituen haurrentzako tailerretan izena emateko epea irekiko da. Tailerrak María Jiménez Moreno artista nafarraren Meditazioak izeneko erakusketan oinarritzen dira; ehungintzan eta kakorratz-lanean nagusiki. Argazkilaritza, marrazketa edo zeramika teknikak ere bere lanetan uztartzen ditu artistak.
Tailerren helburua entretenimendurako espazio bat sortzea ez ezik, hezkuntza artistikoa sustatzea ere bada, museotik bertatik, artez inguratuta. Museoko arduradunek azaldu dutenez, "María Jiménez Morenoren erakusketari esker material artistiko berriak ezagutu eta erabiliko dituzte, ehungintzako artea sortzeko teknika berriak ikasten lagunduko dietenak". Oihalak, hariak, betegarriak, artilea, alanbreak, pita, modelatzeko orea, kakorratzak, orratzak, larruak, goma eva, buztina... eta beste hamaika materialekin jolasteko aukera izango dute haurrek.
Sei urtetik gorako haurrentzat pentsatutako sormen tailerrak uztailean eta abuztuan egingo dira. Zehazki, hamabi orduko (lau saioko) bi txanda programatu dira, txanda bakoitzeko 18 haurrentzako tokiarekin, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Lehenengo txanda uztailaren 18tik 21era izango da eta bigarrena abuztuaren 8tik 11ra. Tea en la azotea hezitzaile elebidunekin batera emango dituzte tailerrak, gaztelaniaz zein euskaraz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!