UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Iazkoaren haritik, 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek.
“UEUren Udako Ikastaroek 50 urteko bete zituzten iaz. Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta iazko urteurrenaren hariari jarraiki, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain", hala esan du Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak. Besteak beste, UEUren funtzioetako bat hori da: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea.
Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udako ikastaroetan antolatzaileen esanetan. "Jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea ere badute helburu", esan du Irati Iciar UEUko udako ikastaroen arduradunak. Horietaz gain, "kalitatea" beste ezaugarrietako bat dela berretsi du. "Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere”, gaineratu du.
Izen emateko epea, zabalik
Aurtengo Udako Ikastaroak hilabete iraungo dute, ekainaren 12tik uztailaren 12ra eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: tartean Iruñera. Ahalik eta jende gehiagok parte hartu dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek. Informazio guztia www.ueu.eus helbidean eskegi dute dagoeneko.