Navarra Sumak Euskararen Ordenantza urratu zuen botiloiaren aurkako kanpainan

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 23a, 07:28

Kanpainan erabilitako botila erraldoietako bat, Gaztelu Gibelean. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Administrazio Auzitegiak beste behin ere jarri du zalantzan Maiaren hizkuntza politika, EH Bilduk aurkezturiko helegite bati erantzunez

Joan den udan Navarra Sumak kale-edanaren aurka egindako kanpaina euskaraz ere errotulatu behar zen, Administrazio Auzitegiak, EH Bilduren gora egiteko helegitea onetsiz, ebatzi duenez. Auzitegiaren aburuz, kanpainak Euskararen Ordenantza urratu zuen.  

Auzitegiak, ordea, ez du uste kanpainak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea urratzen duenik. EH Bilduk helegitean salatu zuen gaztelaniazko testuak guraso eta bizilagun bezalako hitzak maskulinoan soilik deklinatzen zituela.

Kale-zurrutaren aurkako kanpaina hartan, Navarra Sumaren udal aginte taldeak lau botila erraldoi paratu zituen hiriko beste horrenbeste lekutan, testuarentzako euskarri moduan: Gaztelu Gibelean, Yamagutxi parkean, Takonera parkean eta Burgoen plazan, hain zuzen ere. Testuok gaztelaniaz soilik jarri zituen.

Euskararen Ordenantzaren xedapen gehigarriaren 8. eta 9. artikuluek elebitasuna eskatzen diote udalari, bandoetan, ediktuetan, karteletan eta informazio-plaketan, eta, 9. artikuluak gaineratzen du kartelak elebidunak izango direla elementu guztietan, eta udal-jardueren informazio- eta propaganda-liburuxkak elebidunak izango direla herritar guztiei zuzentzen zaizkienean. 11. artikuluak, gainera, adierazten du Iruñeko Udalaren argitalpenak elebidunak izango direla interes orokorrekoak direnean eta herritar guztientzat direnean.

Maiaren udal aginte taldeak dio botila horiek 8. eta 9. artikuluen aplikazio-eremutik kanpo daudela, publizitate-tresna direlako, eta ez informazio-tresna, eta, gainera, komunikabideetatik kanpoko publizitatea denez, 10. eta 11. artikuluetan ere ez direla sartzen.

Administrazio Auzitegiaren arabera, ordea, Navarra Sumak ordenantza ez betetzeko publizitatearen eta informazioaren artean egiten duen alde artifizial hori bertan behera geratzen da kasu honetan, kanpaina honek publizitate hutsaren aldean Bando baten antza duten elementuak biltzen dituelako. Era berean, auzitegiak gogorarazi du Auzitegi Nagusiak bere garaian aitortu zuela 2020ko txupinazoan udaletxeko fatxadan jarri zen zapi gorri erraldoia euskaraz ere errotulatu beharko zela, kartel baten antza duelako, eta, beraz, aplikagarria izango da ordenantzaren 8. eta 9. artikuluetan xedatutakoa. Gauza bera gertatzen da, Administrazio Auzitegiaren arabera, kasu honetan, non botila mezu edo informazio bat islatzeko bitarteko edo euskarri bat besterik ez den. Kartel bat bezalakoa da, eta horregatik joan behar zuen ele bitan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!