Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak, elkarlanean, Iruñeko historiaren inguruko hiru bisita gidatu eskainiko dituzte. Bisita horiek maiatzaren 30ean (asteartea) eta ekainaren 7an eta 14an (asteazkenak) eginen dituzte, bi adituren eskutik: Ana Diez de Ure eta Xabier Mangado. Interesa dutenek dagoeneko izena eman dezakete ateneo@ateneonavarro.es helbide elektronikoan. Ibilbideak doan dira eta euskaraz eginen dira.
Programaren lehen hitzordua maiatzaren 30ean, asteartearekin, izanen da eta ‘Iruña: emakumeen hiria’ izena izanen du. Arratsaldeko bostetatik aurrera, Santa Maria Erreginaren plazatik abiatuta (Artzapezpikutzaren ondoan), Ana Diez de Ure historialari nafarra askotan anonimotasunean gelditu diren tokiko historiako emakume nabarmenei buruz arituko da. Honako hauek utzitako arrastoak jarraituko dira: Dueña Encave judutarra, Sancha Ramírez artzapezpikua, Maravillas Lamberto Gerra Zibilean eraila, Julia Fernandez Zabaleta maistra euskalduna, Emiliana Zubeldia musikaria, Jacoba San Miguel merkataria eta Remigia Echarren akrobata. Emakume horiekin zerikusia duten kaleetan barnako ibilaldiak hiriaren memoria historikoaren zati bat ezagutzeko eta berreskuratzeko aukera emanen du.
Bigarren proposamena Batasunaren Pribilegioaren ingurukoa da, eta Erdi Aroko hiru burguetan barna ibiliko da: Nabarreria, San Zernin burgua eta San Nikolas. Urte askoan gatazkan ibili ondoren, hiru burguak bildu ziren 1423an, Karlos III.arekin, Pribilegioa sinatu zutenean, eta hura izan zen hiri modernoaren jatorria. Aurten, hain zuzen ere, hitzarmenaren sinaduraren 600. urteurrena ospatzen da, eta programazio berezia dago urte osoan zehar. Bisita hori ekainaren 7an eginen da, asteazkenarekin, arratsaldeko bostetan, eta Xabier Mangadok gidatuko du.
Hurrengo asteazkenean, ekainaren 14an, Xabier Mangadoren eskutik eta arratsaldeko bostetan, zezen-plaza ardatz izanen duen bisita eginen da, 1922an eraiki zeneko mendeurrena igarota. Ehunka istorioren lekuko diren hondarrean, eskortetan, erizaindegian, kaperan eta igarobideetan barna eginen da ibilbidea. Zezen-plaza, gainera, musika jasoko zein herrikoiko auditorium bihurtu da, kirol-txapelketa eta -erakustaldien estadio (aizkolariak, saski baloia, motocrossa, boxeoa, borroka librea, etab.), merkatu-plaza, zirku-pista, bai eta txirrindularitza itzuliaren helmuga ere. Iruñeko hiri-bilakaeran duen inplikazioa eta Hemingwayk hirira egindako lehen bisitaren mendeurrena, 1923an erregistratu zena, bisitaren beste gai nabarmen batzuk izanen dira.
Gidariak
Bisitak bi gidari espezializatuk eginen dituzte. Lehenengo bisita Ana Diez de Ure historialari nafarrak gidatuko du, zeinak historian emakumeen memoria berreskuratzeko hainbat liburutan parte-hartu baitu, besteak beste, Emakumeak Iruñeko historian barna liburuan, Iruñeko Udaleko Emakumearen Zinegotzigoak 1998an argitaratua.
Beste bi bisitak Xabier Mangado biologo eta Euskalerria Irratiaren kolaboratzaileak gidatuko ditu. Iruñeko Udaleko Dantzari taldean eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsan parte hartu du, eta gaur egun Iruñeko Katedraleko Ezkiljotzaileen taldean dago. Hainbat taldekako liburutan parte hartu du eta beste hainbat itzuli: iaz Plaza de Toros de Pamplona. 100 años a sol y sombra liburua argitaratu zuen.
Bisiten data eta ordua
• Maiatzak 30, asteartea: 'Iruña: emakumeen hiria'
o Irteera: Andre Maria Erreginaren plaza, 17:00etan
o Ana Diez de Ureren eskutik
• Ekainak 7, asteazkena: ‘Ibilbidea hiru burguetan barna, Batasunaren Pribilegioari buruz’
o Irteera: Udaletxe plaza, 17:00etan
o Xabier Mangadoren eskutik
• Ekainak 14, asteazkena: ‘Zezen-plaza: Eraikuntzaren mendeurrena (2022) eta Ernest Hemingwayk Iruñera egindako lehen bisitaren mendeurrena (2023)
o Irteera: Zezen-plazaren ate nagusia, 17:00etan
o Xabier Mangadoren eskutik