Herritarrek Nafarroako osasun-arreta publikoaren balorazio “altua" egin dute, pandemia urteen ostean

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 15a, 20:05

  • Osasunbidearen 2022ko gogobetetze-inkestaren arabera 8tik gora baloratu dira osasun-zerbitzu gehienak.

  • Irisgarritasuna pandemiaz geroztik gehien okertu den faktorea da.

Herritarrek Nafarroako osasun-sistema publikoaren inguruko "gogobetetze-maila handia" mantendu dela adierazi dute, pandemiaren osasun-krisiaren eragina gorabehera. Zerbitzuen, faktoreen edo eremuen araberako gorabehera eta aldakortasun txikiekin bada ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (OSN) 2022an egindako Herritarren Gogobetetzeari buruzko Inkestak erabiltzaileen artean 10etik 8tik gorako puntuazioak erregistratu. 2019az geroztik, beheranzko joera txikia nabari da, eskuragarritasunean nabarmenagoa dena, baina gogobetetze-indizeak nahiko iraunkorrak dira, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.

Inkesta aurrera eramateko iazko urrian enpresa espezializatu batek 26.962 inkesta egin zituen osasun sistemaren erabiltzaileen artean, Osasunbidea osatzen duten osasun-eremuetan eta arreta-zerbitzuetan. Inkesta urtero egiten bada ere, 2020ko pandemia egoerak baldintzatuta urte horretan ez zen gauzatu.

Galdeketak Lehen Mailako Arretako, Ospitalez Kanpoko Larrialdietako, Arreta Espezializatuko (ospitaleratuak eta kontsultak), Larrialdietako eta Osasun Mentaleko zerbitzu guztiak aintzat hartzen ditu. Zerbitzu horiekin harremana izan duten herritarrei egiten zaie kontsulta 10 faktore kontuan hartuz: irisgarritasuna, arintasuna eta puntualtasuna, adeitasuna eta enpatia, informazioa eta aholkuak, pertsonalizazioa, profesionaltasunarekiko konfiantza, erosotasuna, paziente bakoitzeko denbora, larrialdiko arreta eta estamentuen araberako gogobetetze globala.

Lehen Mailako Arreta  

Inkestaren emaitzen arabera 2019an antzemandako egoeraren antzekoa islatzen dute azken analisiaren datuek. Lehen Mailako Arretak 8,03ko asebetetze-maila du batez beste, eta horrek aurreko urteen azpitik kokatzen du 2017ko (8,38), 2018ko (8,37) eta 2019ko (8,75), bai eta 2021eko (8,32) datuekin alderatuta. Osasun-arloka Lizarra da kalifikaziorik onena lortu duena eta atzetik Iruñea eta Tutera, nahiz eta emaitza oso antzekoak izan.

Alderdi zehatzagoei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: profesionalekiko konfiantza, non erizaintzak puntuaziorik onena lortu duen (8,72); medikuntza (8,26), instalazioen balorazioa (8,85) eta ordutegiak (7,63). Erosotasunaren (8,85) eta larrialdiko arretaren (7,84) balorazio orokorra mantentzen da item gehienek gorabeherak jasan dituzten arren. 

Bestalde, okerren baloratutako alderdiak Osasun Zentroetako Irisgarritasuna (6,90) eta Bizkortasuna eta Puntualtasuna Ospitalez Kanpoko Larrialdietan (6,93) dira. Hala ere, hitzorduen eskaera eta itxaronaldiekin lotutako bestelako itemen emaitzekin osatu behar dira aipatutako balorazioak.

Oro har, herritar gehienek (% 53,9) uste dute Lehen Mailako Arretak berdin jarraitzen duela (% 35,4) edo hobera egin duela (% 18,5), nahiz eta % 39,5ek uste duen okerrera egin duela; % 6,6k ez du iritzirik eman.

Espezializatutako arreta, Ospitaletako kontsultak, Larrialdiak eta Osasun Mentala

Nafarroako ospitale-arreta osoaren balorazio orokorra 8,51 da, 2018ko balioaren antzekoa. Zehazki: 8,7 (2017); 8,7 (2018); 8,5 (2019), 8,7 (2021) eta 8,5 2022an. García Orcoyen Ospitaleak, oro har, beste hirurek baino balorazio hobea jaso du (8,67), ondoren Reina Sofía Ospitaleak (8,51), eta azkenik HUNak (8,50).

Ospitaleratutako pertsonak eta ospitaleko kontsultak atalean 9tik gorako konpetentzia profesionala baloratu dute erabiltzaileek. Bi ikuspuntu aztertzen dira maila honetan: ospitaleratutako pertsonen egonaldiak (8,82) eta kontsultak (8,52).

Halaber, Larrialdiek eta Osasun Mentalak 8ko kalifikazio orokorra gainditu dute. Lehen Mailako Arreta zentroetako larrialdiak eta ospitaleko larrialdiak bereizten dira atal honetan eta balorazio positiboa da, 8,20 eta 8,1 baitira, hurrenez hurren. Osasun Mentalaren balorazio orokorra 8,13koa da, aurreko urtean baino 0,2 inguru gutxiago. Zerbitzu honetan, balorazio baxuena duen faktorea irisgarritasuna da 6,44ko puntuazioarekin.

Kontsultatu hemen Herritarren Gogobetetzeari buruzko Inkesta eta bestelako datuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!