“Hezkuntza praktika duinak” garatzeko espazio nahikorik ez izatea salatu du Zumadia eskolak

Euskalerria Irratia 2023ko api. 25a, 18:55

Ikasle kopuruaren igoerak eraginda, ezin dute "kalitatezko hezkuntza bermatu” eta Hezkuntza Departamentuaren erantzunik ez dute jasotzen.

Abartzuzako Zumadia eskolako familiak ikasle kopuruaren igoera dela eta eskolak bizi duen espazio faltagatik arduratuta daude, “espazioa funtsezkoa da kalitatezko hezkuntza bermatzeko”, adierazi dutenez. Bost talde izateko eraiki zen eskolak aurtengo irailaren 1ean zortzi izango ditu espazio horretan eta horrek baldintzen okertzea eta hezkuntza proiektua behar bezala ezin garatzea ekarriko du, eskolak salatu duenez. Eskolako familiek eta eskola komunitateko zenbait eragilek egoeraren berri eman zuten Hezkuntza Departamentuan, baina oraindik ez dute erantzun ofizialik jaso; ez dute Eskola Kontseiluak Gil Sevillano zuzendari nagusiari eskatutako bilera onartu.

Hurrengo bost ikasturteei begira Zumadiak egiten dituen aurreikuspenen arabera ikasleen kopurua handituz joango da eta beraz, kalitatezko hezkuntza eskaintzea eta bermatzea geroz eta zailagoa izango da, eskolako kideek adierazi duten bezala. Hori dela eta, “erantzun urgente bat” exijitzen diote Nafarroako Gobernuari, “hezkuntza espazioa zabaldu eta proiektuaren ageriko arrakasta soziala egonkortzeko”, azpimarratu dutenez.

Bestalde, Abartzuzan kokatutako Zumadia eskola “biztanleria galtzeko joera pairatzen duen landa eremu honentzat, berebiziko garrantzia duen osagaia” dela defendatu dute. Ikasleen gehiegizko kopuruak sortutako arazoa “konpontzeko borondatea eta elkarlanerako prestutasuna” mahai gainera ekarri nahi dute berriz ere, izan ere, “landa eremu honek hala eskatzen du, eta hala behar du”.

Konponbideen bila eta Nafarroako Gobernuaren erantzunaren esperoan elkargune eta lan tresna izango den plataforma bat osatu dute, Zumadia Eskola zaintzeko xedearekin; zonaldeko eragileei plataforma eta aldarriekin bat egiteko gonbitea luzatzen diete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!