Auzo ireki, aktibo, parte hartzaile eta solidarioa du helburu Zabalsanche Zabalguneko Auzo Elkarteak. Espazio publikoak berreskuratzearen alde, auzoak duen kultur eskaintza kalera ateratzeko astea osatu dute, Zabaldu zure kultura izenburupean.
Auzoko hogei kultur eragilerekin elkarlanean lokaletan egiten dutena karriketan eta plazetan eskainiko dute. “Gure asmoa da kultura eta artistak kalera ateratzea. Zabalgunean jarduera asko daude baina barruan egiten dira, kanpora aterako ditugu”, azaldu du Mertxe Zufia elkarteko kideak.
Horietako bat da Art5 arte tailerra eta denda. Arte ederrei lotutako materiala dute salmentan erakusleihotik ikus daitekeenez. Baina hori baino gehiago da Lorea Larraiaren hitzetan: "Goian gure bigarren solairuan sormen ikastaroak egiten ditugu, baina ez dela ikusten. Ezin da jakin zer gertatzen den hor barruan". Asko gustatu zitzaien elkartearen proposamena. Horregatik, lokalaren ohikotasuna albo batera utzi, eta datorren asteartean Askatasunaren plazan eskainiko dute arratsaldeko seietako haurrentzako eskola. Zabalguneko eraikinetan bilatuko dute ispirazioa, besteen artean, akuarelaz margotzeko auzoa.
Astelehenean hasiko da Zabaldu zure kultura programa eta larunbatera bitarte hamarnaka dira auzoan egiteko izanen diren kultur proposamenak. Danza Ravel eskolak hiri dantza tailer irekia eginen du asteazkenean edota flamenko eskola haur eta helduentzat, ostegunean. Hitzaldiak, tailerretara bisita gidatuak eta erakusketak ere izanen dira, denak doakoak. Egitaraua Zabalguneko lokaletan eta hemen kontsultatu daiteke.