1973ko ekainean atxilotu zuten Maria Concepcion Edo Gil, Iruñean, 19 urte zituela. Ekainaren 14an greba orokor bat eragin zuen Motor Iberica enpresako lanuztearen aldeko ekintza bat egiten ari zen, eta FRAPeko kide izatea eta legez kanpoko propaganda edukitzea egotzi zioten. Bost egunez izan zuten atxilo Iruñeko polizia etxean. “Lehen momentutik jasan zituen tratu txarrak, kolpeak eta etengabeko mehatxuak”, azaldu du Sanferminak 78 gogoan taldeko Sabino Cuadrak. Iruñeko eta Donostiako espetxean eduki zuten, eta oinazeak direla kausa ospitaleratu behar izan zuten. “Ondorioz min kronikoak geratu zaizkio bizitza osorako”.
Kereila polizia frankistaren Brigada Politiko Sozialeko Jose Blanco Martin eta Jose Bernardo Barbaren aurka jarri du Edo Gilek, torturak egin zizkiotenak zirelakoan. Sanfeminak 78 gogoan taldeak magistratuei eskatu die erantzun egokia eman diezaiotela kereilari eta justiziaren atea zabaltzeko.
Berriki Bartzelonan, Galizian, Valentzian eta Madrilen aurkeztu diren beste lau kereilekin egiten du bat Edo Gilenak. 2019tik antzeko 80 aurkeztu dira. Gehienak ez dituzte izapidera onartu edo artxibatu dituzte. Hala ere, uste dute kasu honetan aukerak badirela aurrera egin dezan. Espainiari giza eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko agindua eman zaio, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea berriki onetsi da eta Auzitegi Konstituzionalean landutako azken kereilan hiru boto partikular izan ziren.