XVI. mendeko Iruñeko armarria Kondestablen da ikusgai

Pieza hau Huarte familiaren Kale Nagusiko etxebizitza batean zegoen.

Kondestable Jauregiak balio historiko eta artistiko handiko pieza berri bat du ostegun honetatik aurrera. Harrizko eskultura multzo bat da, Iruñeko armarria irudikatzen duena. Pieza hori Kale Nagusiko etxebizitza batean zegoen, eta Udalak erosi dio eraikinaren jabea den Huarte familiari, haren ondare-balioa berretsi ondoren.

Publikoaren aurrean jarri berri duten pieza Iruñeko armarriaren lan heraldikoa da, XVI. mendearen bigarren erdikoa. Huarte familiaren etxean zegoen, beheko solairuan. Higiezin hori bere ondasun guztiekin salgai jartzean, familiak administrazio publikora jo zuen, ondare-balioa duen piezaren bat bere interesekoa izan ote zitekeen jakiteko. Udalak, armarriaren garrantzi berezia ziurtatu ondoren, pieza erosi zuen Kondestable-n jartzeko.

Kondestablearen Jauregia armarriaren garaikidea da, biak XVI. mendekoak baitira. Gainera, udaletxearen aurreko eraikina eraikitzen ari ziren bitartean, XVIII. mendearen erdialdean (gaur egungo fatxada barrokoa kontserbatzen da), Udalak jauregian izan zuen egoitza, eta horrek testuinguruan jartzen du pieza urte haietan udaletxea izan zen eraikin horretan etengabe ikusgai egotea.