Arturo Campion euskaltegiaren historiari buruzko dokumentala estreinatuko dute gaur Iruñean

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko urt. 12a, 11:22

50 urte, 11 istorio filma 19:00etan pantailaratuko dute, Kondestablearen jauregian.

50 urte 11 istorio dokumentalaren zuzendari eta Arturo Campion euskaltegiko irakasle Xabier Martinez Lezea eta euskaltegiko zuzendari historiko Sagrario Aleman elkarrizketatu dituzte gaur, Metropoli Forala saioan.

1971-72 ikasturtean sortu zuten Arturo Campion euskaltegia, ordura arte han-hemenka euskara eskolak ematen ari ziren hainbat taldek bat egin zutenean. Aitzindariak izan ziren, Konpainia karrikan pisu bat hartuta, egoitza finkoa izaten Euskal Herriko lehen euskaltegietako bat izan baitzen.

Sagrario Alemanek garaiotako bizitasuna du gogoan: “Iruñean bizi handia zegoen, oso mugitua zegoen. Euskaltegia izan zen beste gauza bat gehiago, mugimendu horren guztiaren erdian. Gazte asko zegoen. Kalean bizi asko zegoen. Irakasleak eta ikasleak oso gazteak ginen”. Urte oparoak izan ziren euskalgintzarentzat, euskaltegiak ez ezik ikastolak eta beste hainbat azpiegitura sortu baitzituzten orduan.

Xabier Martinez Lezeak hain justu garai horiek ekarri nahi izan ditu gogora dokumentalean: “Gauza gehiago ere kontatzen ditu dokumentalak, baina niretzako interesgarriena hori zen, euskaltegiaren sorrerako garai horiek nolakoak ziren, sorrera hori nolakoa izan zen kontatzea”. Garai haietako irudiekin batera hainbat lekukotza bildu dute: Joxe Manuel Aleman, Patxi Zabaleta, Sagrario Aleman bera… “Pozik gaude emaitzarekin. Dokumental laburra da, ordu erdikoa, baina ongi jasotzen du euskaltegiaren historia zein izan den, eta euskaltegia osatzen duten hamaika istorioak zeintzuk diren. Eta modu justuan kontatzen du euskaltegia sortu zuten lagun haien lana zein izan zen”, azaldu du Martinez Lezeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!