Nafarroako bi langiletik bat prekaritate egoeran bizi dela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 1a, 13:06

Ipar Hegoa Fundazioko kide Edurne Larrañaga eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera

Bizitza duinerako baldintzak eskuratzeko lan harremanetarako eta gizarte babeserako esparru propioa eratu behar dela aldarrikatu du sindikatu abertzaleak.

Ipar Hegoa Fundazioak egindako Ikusmiran, Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak izenburuko txostena aurkeztu du gaur LAB sindikatuak. Langileen erdia prekarietatean bizi dela ondorioztatu dute. Hau da, 178.175 nafar langabezia egoeran, egoera inaktiboan edo 1.400 eurotik beherako diru sarrerekin bizi da.

Alor gehiago landu dituzte txostenean. Pentsiodunen %40k 1.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen du eta, horien artean, 3tik 2 emakumezkoak dira. Txotenaren arabera, 2020.urteko Nafarroako pobrezia arrisku tasa %21,3koa baita. Hau da, nafarren %21ek baino gehiagok, pobreziaren mugaren azpiko diru sarrerak ditu (urtean 11.549 € edo gutxiago). Enpleguaren kalitatean ere jarri behar du arreta sindikatuak. Kontratu mugagabeen kopurua igo bada ere, Nafarroako behin-behinekotasun tasa (%28,27) Europar Batasuneko altuenen artean dagoela ondorioztatu dute (%14,5).

Egoeraren aurrean, 1080 euroko pentsioak, 30 orduko lanaldia eta erretiroa 60 urtera murriztea beharrezkoa dela azpimarratu du LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak. "Hiru neurri horiek ezin ditugu Nafarroan ezarri, egungo marko legalak debekatzen duelako", salatu du. Foru Hobekuntzaren tresna agortuta dagoela uste du LAB sindikatuak, eta Nafarroak bere subiranotasuna berreskuratu behar duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!