Irailaren amaieran elkartu ziren Enrique Maia alkatearekin eta María Garcia Barberena Kultura zinegotziarekin. “Bileran, Gazteluko Plazako aurtengo jai ereduaren auzokideen balorazio txarra helarazi genien. Maiak eta Garcíak jai ereduaren arrakasta azpimarratu zuten, baina arrakasta hori oinarritzen dute Dj-en kontzertuetara joandako ia 300.000 pertsona kopuruan eta guk nekez onar dezakegu festa baten balorazioa bakarrik kuantitatiboa izatea”, azaldu dute.
Musikaren bolumena ere kritikatu dute auzotarrek, eta auzo eragileen aurka argudio hori ez erabiltzeko eskatu diote. "Gure bileretan auzoan egunean zehar aritzen diren txarangak ez dira arazo gisa aipatu, eta, beraz, udalari eskatzen diogu ez ditzala gure zarata kexuak aitzakiatzat hartu, auzoan egunean zehar atera nahi duten txarangei horretarako baimena ukatzeko. Zaratak iturri ugari badu ere, guk udal-agintariei adierazitako zaraten arazoa gehiago dator plazako eta inguruetako ostalaritza-jardueratik eratorrita, taberna batzuetako dezibelio handiak eraginda edota asteburu askotan plazan megafonia-bolumen handiarekin egiten diren era askotako ekitaldietatik", adierazi dute.