Udalaren hizkuntza eskubideen urraketak bilduko ditu Iruñeko euskalgintzak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 21a, 12:16

Udalak nirekin euskaraz kanpaina aurkeztu dute Iruñeko euskalgintza osatzen dugun kolektiboek (AEK, AET, ELA, Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, STEILAS, Zaldiko Maldiko) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

“Erakutsi nahi dugu administrazioekin dugun harremanetan erabilera hori nola dagoen mugatua. Izan ere, Iruñeko Udalak hizkuntza eskubideen kontra hartutako erabakiak horren adierazgarri ditugu”, azaldu du Sortzeneko Aitziber Garmendiak. “Administrazio publiko zein erakundeetatik ezin da euskararen alde eta euskara errespetatzen dela esan, gero, egunerokotasunean, euskaraz bizi ahal izateko neurrien kontra egin edo hizkuntza eskubideak bermatzeko neurririk hartzen ez bada”, gaineratu du IKAko Nekane Otamendik.

Urraketak salatzeko ariketa erraz bat proposatu dute: Iruñeko Udalaren aldetik azken urtean pairatu edo jaso dituzten hizkuntza eskubideen urraketa guztiak jaso nahi dituzte. Jaso nahi dutenaren adibide zenbait eman dituzte:

  • Udaleko telefono batera deitu, eta euskaraz artatzea nahi badugu, beranduago deitzeko erantzun digute edo departamentu horretan gaztelaniaz egin beharko dugula. -Udalaren ekitaldi batera joan gara eta dena edo ia dena gaztelaniaz izan da.
  • Udalaren iragarki bakarren bat ikusi dugu euskaraz, beste guztiak gaztelaniaz daude.
  • Udalaren jakinarazpen edo gutun bat heldu zaigu, dena gaztelania hutsean.
  • Udalaren alsiarako eskaintzan euskarazkoa askoz urriagoa da, edo ikastaro baten apuntatu gara baina esan digute gaztelaniaz baino ez dela egingo.

Horiek guztiak, gaurtik hasi eta urtarrilaren 31 bitarte jasoko dituzte. Emailez telefonoa@behatokia.eus helbidera helaraziz, Whatsapp-ez 623363811 zenbakira, 948 14 61 72 telefonora deituz edo sare sozialetatik ere jasoko dituzte, twiterren Iruñeko Euskalgintza etiketatuaz edo #UdalakNirekin Euskaraz traola aipatuaz.

Urtarrilaren 31 arte jasoko dituzten urraketa guztiak Hizkuntz Eskubideen Behatokira ere helaraziko ditugu, txosten berezitu batean Iruñeko Udalean gertatutako egoerak jasota utzi eta Udaleko arduradunel aurkeztu zein Euskal Herriko irakurketaren barne txertatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!