Iruñeko Ibilbide Matematikoak aurkeztu dituzte

Iosu Ganuza Garcia 2022ko aza. 2a, 16:29

Iruñeko ibilbide matematikoak diseinatu dituzten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Miguel R. Wilhelmi, Aitzol Lasa, Jaione Abaurrea eta Haritz Iribas, material didaktikoekin. Iturria: NUP

NUPeko adituek sortu dituzte ibilbide berriak Iruñeko Udalaren programa osatuz.

Iruñeko kaleak dira 'Ibilbide Matematikoak Iruñean zehar' udal programaren eszenatokiak, eta ikaslearen ingurune hurbilena erabiltzen dute matematika ikasteko azterketa eta motibazio-objektu gisa. Programa hau azaroaren 5ean, larunbatarekin, aurkeztuko da, Matematikaren irakaskuntza eta ikaskuntzari buruzko Nafarroako VII. Jardunaldien barruan, Hezkuntza Berrikuntzaren atalean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek beste bi ibilbide berri diseinatu dituzte Iruñeko beste hainbeste auzotarako, Nafarroako hiriburuan barrena Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 2. eta 3. mailako ikasleei zuzendutako ibilbide matematikoak sortzeko proiektuaren barruan. 

NUPeko ikertzaileek diseinatu dituzten bi ibilbide berriak Sanduzelai-Buztintxuri eta Arrotxapea auzoetan eginen dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Lehendik ere martxan ziren auzo hauetako ibilbideekin batera egonen dira martxan: Alde Zaharra, Iturrama, Donibane-Ermitagaña, Mendillorri eta Txantrea. 

Honako hauek izan dira ibilbdeen sortzaileak: Jaione Abaurrea Larrayozek, Haritz Iribas Pardok, Aitzol Lasa Oyarbidek eta Miguel R. Wilhelmik, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak denak, eta Adriana Armendariz Arosteguik, Burlatako Askatasuna BHIko eta Atarrabiako Pedro de Atarrabia DBHIko irakasleak. 

Udalak diseinu erakargarriko koadernotxo batzuk argitaratu ditu, ikasle eta irakasleei zuzendutakoak. Koadernotxo horietan, intereseko kokaleku batzuen inguruko problema matematiko batzuk ebazten dira. Horretarako, informazioa eta pistak sartu dira, bai modu grafikoan bai testualean. Gaineratu duenez, hiriko eraikinak, kaleak, azpiegiturak eta udal-zerbitzu jakin batzuk, hiri-altzariak eta gune enblematikoak ikasteko objektu eta tresna bihurtzen dira, eta ikasteko motibazio gisa balio dute; gainera, matematika beste diziplina batzuekin lotzen dute, hala nola geografiarekin, iraunkortasunarekin, tokiko historiarekin eta abarrekin.

Helburua kalean matematika lantzea da, ikasle talde txikitan, lekuan bertan ebatzi beharreko problemak jarrita. Leku horiek lotura izanen dute problemarekin: eraikinak, eskulturak, hiri-altzariak... Matematikaz gain, ikasleek artearekin, historiarekin, hiriko ohiturekin, ingurumenarekin, elikadura osasuntsuarekin eta genero berdintasunarekin lotutako beste kontzeptu batzuk ere ikasiko dituzte. Proposamen pedagogiko hori eskuragai dago MathCityMap mugikorrerako aplikazioan gainera. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!