Justizia feminismotik aztertuko dute Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 7a, 11:16

Nafarroako Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformako kideak.

Justizia Patriarkalari Irtenbide Feministak jardunaldia eginen du Nafarroako Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformak urriaren 14an eta 15ean.

Oinarrizko gaia iruditzen zaio Nafarroako Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformari indarkeria matxistatik bizirik atera diren guztiek justiziarako eta erreparaziorako eskubidea izatea. "Erakundeek emakumeei eskatzen diete pairatzen duten indarkeria salatzeko, eta badirudi bide bakarra penala dela. Emakume askok ez dute bide hori aukeratzen, ez baitago ez prestakuntzarik ez sentsibilitaterik emakume horiek hartatzen dituzten pertsona gehienengan, ez irudi juridikoengan, eta askotan ez dute zigor-bidea eraginkorren edo segurutzat hartzen", azaldu dute. 

Benetako justizia feminista behar dela iritzita, hausnarketa bultzatzeko jardunaldia antolatu dute. ONCEko aretoan eginen dituzte saioak urriaren 14an, ostirala, arratsaldeko 18:00etatik aurrera eta urriaren 15ean, larunbata, goizeko 10:00etatik 13:30etara. Azaroaren 25eko manifestazioari lotuta antolatu dituzte. 

Lehenengo egunean, Miren Ortubay Zigor Zuzenbidean doktore, abokatu eta kriminologoak jardunaldiak irekiko ditu. Ondoren, Nafarroako emakumeek justiziaren inguruan duten errealitatearen diagnostikoa landuko dute. NUPeko bi irakaslek beren taldeak Nafarroan genero-indarkeriarekin lotuta egindako azterlanen berri emango dute. Patricia Amigotek "Emakumeen esperientziak banantze eta dibortzio prozesuetan. Botere maskulinoaren dinamikak eta naturalizatutako indarkeriak, ikerketa koalitatiboa" aurkeztuko du, eta Eliana Alemanek "Genero-indarkeriako prozeduren epaiketako eragin faktoreak".

Larunbatean, Paz Francesek, Zuzenbide Penaleko doktore eta kriminologoak, eta Laura Macayak, genero indarkerian aditua den gizarte hezitzaileak, "Justizia Feminista ikuspegi antipunitibista batetik" hitzaldia eskainiko dute. Amaitzeko, mahai-inguru bat izango da, eta bertan, ikuspuntu desberdinetatik, justizia patriarkalaren alternatiba feministak proposatuko dira. Bertan, honako hauek hartuko dute parte: Lara Estebe, emakumearen aurkako indarkerian aditua den magistratua; Arantxa Urkaregi, "Justizia Feminista" ponentziaren egileetako bat den irakasle, politikari eta sindikalista; Beatriz Gimeno, politikari eta ekintzailea: eta Rakel Miragaya, indarkeria matxistak prebenitzeko eta antzemateko hezitzailea.

Ez da aldez aurretik izena eman behar eta jardunaldiak publiko guztiari irekita daude. Online eskainiko dituzte saioak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!