Jazarpena eta arrazakeria salatu ditu ijito familia batek Iruñeko denda batean

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 2a, 07:13

Carlos III.aren etorbideko Primor lurrindendako segurtasun arduradunak jarraitu egin zituen eta haiekin, hiru emakume eta adin txikiko bat, liskarra izan zuen. Ateratzean Iruñeko Udaltzainak zituzten zai eta atari batean miatu zituzten, dendako arduradunek egindako lapurreta salaketari erantzunez. Ez zieten ezer topatu. Emakumeek salaketa jarri dute jasotako tratuagatik. Gaz Kalo ijito elkarteak eta SOS Arrazakeria taldeak gertatutakoa salatu dute dendaren aurrean.

Maiz gertatzen da, horrela salatzen dute ijitoek. Denda batera sartu eta segituan segurtasun arduraduna izan ohi dute ondoan zelatan. Horrela gertatu zitzaien pasa den irailaren 17an hiru emakume eta adin txikiko bati. Iruñeko Carlos III.aren etorbideko Primor lurrindendan sartu ziren eta berehala segurtasun zaindaria jarri zitzaien segika. Emakumeak jazarpenarekin nazkatuta, haserretu eta liskarra izan zuten zaindariarekin. Azkenean, erosketak egin eta kalera joan ziren. Kalean ordea zai zituzten Iruñeko Udaltzainak, Primor dendako nagusiek deituta. Lapurreta salaketa zegoelako, hiru emakume ijitoak eta adintxikikoa kaleko atari batera eraman eta bertan beren poltsak miatu zituzten. Poliziek ez zuten lapurtutako ezer topatu eta lurrindendan erositakoen tiketak eta guzti erkautsi zizkieten emakumeek. "Aurretiazko inolazko konprobaziorik egin gabe, soilik ijitoak ginelako hasi ziren poliziak gu miatzen" salatu zuen emakumeetako batek, "Lotsa eta haserrea sentitu genuen, publikoki jendaurrean horrela tratatu gintuztelako".

Emakumeek salaketa egin zuten Gaz Kalo, ijitoen Nafarroako elkargoan eta honek SOS Arrazakeria taldearen eskutik atzo protesta egin zuen Primor dendaren aurrean. Ijitoen kotnrako etengabeko jazarpena, begiradak, mespretxuak...salatu zituzten horrela. SOS Arrazakeriakek gertatutako Iruñeko Udaltzainen elkarbizitza programaren barruan salatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!