Haur Eskoletako ikasturtea, abian: euskara jo puntuan eta greba zerumugan

Juan Kruz Lakasta 2022ko abu. 18a, 07:32

Iruñeko Alde Zaharrean euskarazko haur eskola eskatzeko kale-jira, artxiboko irudi batean.
  • Matrikulaturiko 1.053 haurretatik 130ek soilik izanen dute euskara hutsean ikasteko aukera.
  • Udazkenean grebara itzuliko direla iragarri zuten 0-3 Plataformako kideek joan den ikasturtearen amaieran.

Herenegun abiatu zen ikasturtea Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan. Navarra Sumak euskara jo puntuan duela agerian utzi dute hizkuntza ereduen araberako datuek: 130ek soilik (%12,3) izanen dute euskara hutsean aritzeko aukera. Beste 129k (%12,2) euskara eta ingelesa uztartuko dute. Beraz, %24,5k izanen dute harremana euskararekin. 384 familiak (%36,4) gaztelania hutsezko eredua hautatu dute, eta 410ek gaztelania eta ingelesa uztartzen dituena.

Esan gabe doa datuok harreman zuzena dutela udalaren eskaintzarekin eta horren banaketa geografikoarekin. Udalaren hamabi haur eskoletatik bakarrik Goiz Eder, Izartegi, Lezkairu, Hello Buztintxuri eta Printzearen Harresik eskaintzen dute euskara hutsezko aukera. Lezkairuk eta Hello Buztintxurik euskara ingelesarekin uztarturik eskaintzen dute.

Ikasturtearen irekieran Enrique Maia alkateak adierazi zuenez, “egindako eskaintzak zorrozki erantzuten die inkesta soziolinguistikoaren emaitzei”. Haatik, ez zuen aipatu Iruñeko Udalbatzak Hezkuntza zinegotzi Fernando Sesma gaitzetsi zuela hain zuzen ere inkesta horretako datu zehatzak udal taldeei ez emateagatik.

Ikasturtearen irekiera Lezkairuko haur eskolan egin zuten. 110 haurrentzako tokia du, eta joan den legealdiko udal aginte taldeak proiektatu zuen. Ikasturte honetan, halaber, Mendebaldea Haur Eskolak ateak berrireki ditu. 1995an eraiki zuten, eta joan den ikasturtean itxita egon zen, birgaitze lanak zirela kausa. Ikasturte honetan haur eskolek doakoak izaten segituko dute, baldin eta familiek baremo jakin bat gainditzen badute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!