Mundu fisikoa eta birtuala uztartzen dituen erakusketa Zitadelan

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 27a, 13:45
Naroa Armendariz erakusketaren aurkezpenean

Naroa Armendarizen ‘Tinta china y Metaverso: 2500 a.c. - 2500 d.c.’ erakusketa ikusgarri egongo da Bolborategia aretoan uztailaren 27tik, irailaren 11ra arte.

Mundu fisikoa eta birtuala uztartzen dituen erakusketa da Naroa Armendariz artista iruindarrak Zitadelako Bolborategi gelan aurkeztu duen azkeneko proposamena. Tinta china y metaverso: 2500 a.c. - 2500 d.c. erakusketaren izenak adierazten duenez, tinta txinatarraren teknika erabiliz egindako artelanak dira baina, mundu birtualeko berritasunak gehitu ditu artistak. 

Tinta txinatarra erabilita egindako koadroez gain, erakusketa paralelo bat sortu du Armendarizek. Bertan, Bolborategiaren aretoan ikusten ditugun koadroez gain, bestelako animazioak eta interakzioak eskaintzen dituen erakusketa birtual bat aurkitzen da.

Tinta txinatarrak “liluratu eta harrapatu” zuen artista eta teknika aitzindaria erabilita ikerketak eta probak egin zituen eta gaur egungo teknikekin uztartzea erabaki zuen. Artista bezala sormen mailan ere beti ikertzen egon behar garela uste du Armendarizek eta hori dela eta, eremu birtual batera ere ekarri ditu bere koadroak;  erakusketa fisikoaren erakusketa bikia sortu du birtualki metabertsoan. 

Bolborategian bertan, fisikoki ikusgarri dagoen erakusketaz gain, aski da interneta duen gailu bat izatea erakusketa bikiaz, birtualaz, gozatzeko. Gainera, errealitate birtualeko betaurreko batzuk ere eskuragarri daude erakusgelan bidai horretan sakonago murgildu ahal izateko. Metabertsoa ezezaguna gerta daiteke baina Armendarizen erakusketak tinta txinatarrera eta mundu birtualera gerturatzera gonbidatzen gaitu Zitadelan, gaurtik, irailaren 11 bitartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!