Iruñeko espetxeko hamar presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Baternainen

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 26a, 13:08
Argazkia: Nafarroako Gobernua

Hiru hobi aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, Baternaindik Iberora doan bidean. Nafarroako Memoriaren Insitutuaren arabera, 1936ko kolpearen ondotik Iruñeko espetxetik atera eta hildako herritarren gorpuzkiak izan daitezke.

Fusilamendu eta lurperatze klandestinoak izan ziren 1936ko udatik 1937ko lehen hilabeteetara Baternainen, eta Zizurko eta Oltzako Zendean. Aranzadi Zientzia elkarteak Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Memoriaren Nafarroako Institutuarekin elkarlanean egindako azken aurkikuntzak horren erakusle dira. Iberora doan bidearen ondoan hiru hobi aurkitu dituzte, eta bartatatik hamar gorpu atera.

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen bidez izan zuen horien berri Nafarroako Memoriaren Institutuak, 2017an. Herriko bizilagun baten testigantza jaso zuen elkarteak. Landan, “Ibereko bidearen eskuinaldean”, hamar edo hamabi laguneko talde bat hil zutela zuen gogoan bizilagunak, amari entzuna zion. Urte hartan bertan saiatu ziren hobia aurkitzen, baina okerreko tokian ari ziren. Baternaingo Kontzejuak bultzatutako ondorengo ikerketen arabera, bidearen ibilbidea ez da egun 1936an zegoena. Hobia ezkerraldean egon zitekeela ondorioztatu zuten. Hor aurkitu dituzte gorpuak. 

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Baternainen izan da gaur goizean. Azaldu duenez, zantzu guztien arabera, 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondorengo hilabeteetan Iruñeko Espetxe Probintzialan preso zen eta bortizki aterarazi eta hil zuten biztanleria izan daiteke. Bisitan Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria izan dira.

Haien senideak Baternainen lurperatuta egon daitezkeela uste duten familia zenbaiten DNA laginak ditu gobernuak. NASERTICen laborategian erkatuko dituzte gorpuzkien eta senideen laginak, pertsona horiek identifikatzeko. 

154 gorpu, 2016tik

Hobiak aurkitu eta arakatzeko hitzarmena du Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Aurten hamahiru jarduera egin dira, eta gutxienez 35 gorpu aurkitu dituzte: bat Antsoainen, 23 Berriozarren eta 10 Baternainen. 

2016. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuak hainbat hitzarmen sinatu ditu Aranzadi Zientzia Elkartearekin lan horiek egiteko, eta, horren ondorioz, frankismoaren errepresioaren 154 biktimaren gorpuak lurpetik atera dituzte.

Nafarroako Gobernuak hobien lokalizazioei edo lurperaketei buruzko informazioa izan dezakeen edonori dei egin dio bere testigantza partekatzeko, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jarriz inm@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!