Arazo larriak ditu Labriteko zaldainak. 2010ean eraiki zuen UPNren udal gobernuak, eta 2016 itxi behar izan zuten, metalezko xafla batzuk erori ondoren. Geroztik, Iruñeko Udalak milioi bat euro baino gehiago gastatu ditu, azpiegitura konpontzeko. Uztailaren 5ean onartu zuen inbertsioaren azken handitzea Navarra Sumak, udal gehiengoaren iritziari aurka eginez: 122.116 euro gehiago. Txupinazorako ordu batzuk baino ez ziren falta, eta sanferminen zurrunbilo mediatikoan ia oharkabean pasa da erabakia.
Iruñeko Udaleko oposizioa zaldain berri bat eraikitzearen aldekoa da, eta obraren arduradunei inbertitu den diru publikoa eskatzea galdegin dute. Iritzi horri muzin egin dio, ordea, Enrique Maiaren udal taldeak. Dagoeneko 1,04 milioi inbertitu dituzte. Azpiegituraren egoera aztertzera eta hura konpontzeko lanetara, pasabidea ordaintzera baino diru gehiago bideratu dute. 2010ean 669.842 euro ordaindu zituen Iruñeko Udalak pasabidearen truke.
Iazko azaroan 593.717 euro bideratu zituen udalak pasabidea konpontzeko proiektura. Obenasa enpresari esleitu zitzaion, eta hasiera batean hamabost asteko epea aurreikusi zen. Orain irailera arte luzatu dute. Udalak 135.000 euro ordaindu ditu azpiegituraren inguruko hiru txostenetan. Bi aurreko legealdian eta bat egungoan. Halaber, 58.000 euro ordaindu zaizkio obra-zuzendaritzari, eta 40.000 eusteko aldamioak alokatzeagatik. Aurretik, beste 22.000 euro bideratu ziren segurtasun-elementuetarako, eta 35.000 euroko partida bat zegoen pasabidea partzialki desmuntatzeko. Iazko apirilean, gobernu-taldeak 36.000 bideratu zituen egitura indartzeko, eta orain beste 122.000 bideratu ditu. Denera, 158.000 euro.