Herritarrek uztailaren 9ko eraso sexistarekiko gaitzespena adierazi dute

Iosu Ganuza García 2022ko uzt. 12a, 19:31

Gaztelu plazan ehunka emakume eta gizonek bat egin dute Iruñerriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin.

Eguzkiak jotzen zuen bezain gogor ehunka herritarrek uztailaren 9an Mendillorrin gizonezko batek emakume baten aurka eginiko sexu erasoa salatu dute. Hitzordua arratsaldeko 17.30ean izan da Gaztelu plazan eta gertakari lazgarriaren aurrean ez da emakume zein gizonik itzalean ezkutatu. 

Peñak heldu dira lehenik eta haien inguruan pilatzen hasi da jendetza. Irrintzi peña izan da Txapitelatik plazara sartzen lehena eta bertan kokatu bezain laster ixilarazi du txarangak musika. Errenkadan heldu dira gainontzeko peñak Txapitelatik eta Sarasate Pasealekutik. 

Haiekin batera herritarrak. Aurrean oholtza eta oholtzaren parean lehen lerroan Navarra Sumaren Udal Gobernuko kideak eta Nafarroako Gobernuko hainbat kide, haien artean bozeramailea, Javier Remirez. Igo dira oholtzara Iruñerriko Mugimendu Feministako kideak, "Emakumeen kontrako indarkeriarik ez" leloa, inprimatua zuen pankarta morearekin. Hamar minutuko txistualdi luze bezain zaratatsuari etena eman diote gero agiria irakurtzeko. 

"Bi urte geroago, azkenean, gure jaiak berreskuratu ditugu, eta horiekin, dirudienez, batzuek baboso eta matxiruloak berreskuratzera behartu nahi gaituzte", adierazi dute, "inoiz ez zineten gonbidatuta egon". "Denak ez du balio", aldarrikatu dute.

Irmoki deitoratu dute "hainbat emakumek" salatu dutela festetan zehar "gaizki sentitu direla ziztada bat sentitu ondoren, eta horrelako erasoak onartezinak" direla. Datuak eskuan honakoa zehaztu dute: "Sanferminak hasi zirenetik 21 dira intentsitate baxuko erasoak, eta atzo intentsitate handiko eraso bat salatu zen", egin diote erreferentzia uztailaren 9ko gertakari lazgarriari. Biktima Donibanen lagun batzuekin afaldu ostean kalera atera zen eta azaldu dutenez hori izan zen gogoratu zuen azkeneko gauza. Biharamunean "Mendillorrin agertu zen" zehaztu dute, "konortea galdu ostean" eta "sexu erasoa jaso ostean". 

"Nazkatuta gaude", esan dute. "Ez gara gu soberan gaudenak, soberan daudenak, jipoitzen gaituztenak, sexu-erasoa egiten digutenak, gure espazioa emakume izateagatik bakarrik okupatzen dutenak" dira. "Kaleak, gaua, eguna eta jaiak ere gureak dira", adierazi dute, "Ez diegu bat bera ere pasako, ez gara beldur". "Gozatu egin nahi dugu, ez dugu erasorik nahi gure jaietan", gaineratu dute.

Txalo zaparrada luzea izan da eta borroka feministaren oihuak ozenak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!