Hasi dira Maiaren bandera erraldoiaren masta jartzen

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 21a, 09:54
Iberti enpresako langileak, gaur goizean.

Ostegunean aurkeztuko du Iruñeko Udalak 100.000 euroko Nafarroako bandera erraldoia. EH Bildu taldeak txosten teknikoa eskatu du.

Ostegunean aurkeztuko du Enrique Maiaren udal gobernuak bandera jendaurrean, eta Iberti enpresako langileak gaur hasi dira masta jartzen, Foruen Plazan. 30 metroko altuera izanen du egiturak, eta banderak 8 x 12 metroko neurriak izango ditu, ia 100 metro kuadro. Foruen plazaren mutur batean kokatzen ari dira, Zaragoza etorbidetik gertu, Vianako Printzearen plazarantz.

Masta karbono galbanizatu eta lakatuzko altzairuzkoa da, eta barne-driza motorizatu bat du bandera altxatzeko eta jaisteko. Goiko aldean, hegazkingintzako oztopo-argia eta tximistorratza izanen ditu. Masta, bandera, garraioa, instalazioa eta fabrikazio- eta instalazio-proiektuaren aurrekontua 75.000 eurokoa da, eta horiei zimendu-lanen gastuak gehitu behar zaizkie. Guztira, 100.000 euro inguruko aurrekontua du ekimen honek, Udalak jakinarazi zuenez.

Hori da banderaz ezagutzen dena, momentuz. Navarra Sumaren udal taldeak ez baitu txosten juridikorik edota teknikorik aurkeztu. EH Bilduk jakinarazi duenez, asteak daramatzate ekimenari buruzko informazioa eskatzen, baina ez dute erantzunik jaso. Hiri Kontserbazioko sailak adierazi die obra-kontrataren bidez egiten direla lanak, eta, beraz, "ez litzatekeela espedienterik beharko". Hala ere, EH-Bildu udal-taldearen iritziz, instalazio horrek hainbat gairi buruzko txostenak beharko lituzke, besteak beste, Lorategietako ureztatzean izandako eraginei buruzkoak, Hiri Kontserbazio edo Proiektu arloak mastaren ezarpenerako eta segurtasunerako egindako proiektu tekniko bat, mastaren fakturez eta bandera egiteaz gain, aireko espazioan izandako eraginei buruzko txostena, obren kostuen txostena eta obren kronograma.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!